Egun borobila Arabako Eskolartekoaren festa eta finala
Maiatzaren 9an eman zitzaion hasiera Arabako eskolartekoari eta bitarte honetan lau kanporaketa burutu dira bi adin tartetan, 14tik beherakoak eta 14 eta 18 urte bitartekoak eta bi modalitatetan, bertso jarriak eta bat-batean. Topaketak Gasteizen, Zalduondon, Aramaion eta Kanpezun burutu dira, orotara Gorbeialdeko, Gasteizko, Lautadako eta Mendialdeko haur eta gazteak aritu direlarik. Denera 60 bat haur eta gazte bertsolarik hartu dute parte aurtengo edizioan.
Aldez aurreko beroketa lan horiek merezi bezalako amaierako festa izan zuten larunbatean, bertaratutako haur eta gaztetxoen, bertsozaleen, bertso-eskoletako lagunen eta etxekoen gozagarri.
Bertso sortek ireki zuten goizeko Legutioko kultur etxean hasi zen bertso festa. Aramaioko bertso-eskolako txikiak izan ziren lehenak oholtzara igotzen eta ederki piztu zuten giroa umorez betetako bertso-sorta antologiko baten bidez. Horien ondotik Aguraingo bertso-eskolako haurrek Eskorbutoren doinuak oholtzara igo zituzten entzule guztiak kantuz jartzea lortu zutelarik. Azken bertso-sorta Murgiako bertso-eskolako gazteena izan zen, eta bertsolari eta perkusiolari bikainak direla erakutsiz ondoren bat-batean aritu behar zuten 6 gazteak zirikatzeko aukera ez zuten alperrik galdu.
Irribarrea ahoan oholtzaratu ziren beraz Maria Fuentes, Markel Yoller, Egoitz Iradier, Peru Abarrategi, Maddalen Arrausi eta Unai Argote. Irribarrez baina bertsotan euren onena emateko prest. Zortziko nagusian zein txikian saio arinak eta umore ukitu ederrekin eskaini zizkiguten. 60 entzuleren aurrean, saio orekatua eta bizia osatu zuten ofizioka. Ondoren bakarkakoen txanda iritsi zen, puntuari erantzun eta gaiari bi bertso bota beharra. Hasiera batean lan nekeza iruditu arren, entzulek gogoz txalotu zuten sei bertsolarien ahalegina eta ale ederrak entzuteko parada izan zuten bertaratutako guztiek.
Epaimahaiak hala erabakita Peru Abarrategik jantzi zuen txapela eta Maddalen Arrausik bigarren postua. Biak izango dira Orion Ekainaren 21ean izango den Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finaleko Arabako ordezkariak, herrialdeko bertso-eskolako gazte eta haur guztiek egindako ahaleginaren erakusgarri bikainak.
Bat-bateko saioa amaituta eguraldi eskasari irribarre eginez, kalejiran abiatu ziren haur, gazte eta gurasoak kalean barna. Alboka, pandero eta puntuatu gabeko bertsoek hartu zuten kalea. eta 15:00etan Kiroldegiaren aterpean herri bazkari goxoa izan zuten eskerroneko sari. Bazkalostean herri olinpiadak burutu zituzten, tentsioak alde batera utzita, bertso-eskola guztiak nahastuta, egunari amaiera bikaina emanez.