Bideo-kopla lehiaketak baditu irabazleak
Lakuabizkarra 5c klaseko ikasleak gailendu dira 2022ko bideo-kopla lehiaketako publikoaren sarian, eta saria jasoko dute: Elkarren material sorta taldearentzat. Ez da broma: 2.511 boto jaso dituzte Arabako Bertsozale Elkarteak eta Arabako ALEAk antolatutako lehiaketan —Gasteizko Udala, Laboral Kutxa, BAHK eta Elkar erakundeen babesa izan du ekimenak—. Arantzabela 5a geratu da bigarren, 2.119 botorekin. Hauek ere Elkarrek eskainitako material sorta irabazi dute, taldearentzat.
Araba osoko 2.000 ume baino gehiagok parte hartu dutea aurtengo bideo kopla lehiaketan. Etorkizuna bermatuta duen bertsolaritza sano baten seinale da hori. Orotara, 109 bideo-kopla aurkeztu dira edizio honetara.
Epaimahaiaren sariak
Publikoaren sariaz gain, epaimahaiak ere bereak eman ditu. Honako taldeek jaso dute: Latiorro 5d2 klaseak Elkarren material sorta irabazi du; Amurrio mendiko eskola lh5b, Araia herri eskola lh6 eta Garazi lh5 (Legutio) taldeek ere saria jaso dute. Hauek guztiek Elkarreko material sorta indibidualak eramango dituzte. Mendialdea dbh2 klaseak, Aguraingo bertso-eskolak eta Bastida ikastolako 6. mailako ikasleek BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia izango dute. Izarrako herri eskola lh5 klaseak, bere aldetik, taldean gozatzeko Lautada Puzle Room ihesgelan esperientzia ederra; eta, azkenik, Gasteizko Bertxilika lh5-6 eta Bertxilika lh4 taldeek BAHK-eko izotz pistan sarrerak irabazi dituzte.
Ostegunean egingo dute sari banaketa, Salburuko gizarte etxean, Julio Soto, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Andaren bertso saioarekin. Bertaratu nahi duenak aldez aurretik gonbidapena eskuratzeko aukera dauka.