Lau bertsolariok izango dira ALEA bideo-kopla lehiaketaren sari banaketan
Azken txanpa iritsi zaio Arabako bideo-kopla lehiaketaren bosgarren edizioari. Bozketa fasea irekiko da laster, eta "Zer dago ikusteko zure inguruan?" gaiaren inguruan sortutako bideo guztiak ikusgai izango dira egun batzuk barru ALEA.eus webguneko atal berezian.
Bitartean, Gasteizko Udalak sustatutako eta Elkar, BAKH, Hontza Extrem eta Laboral Kutxak babestutako Euskararen astearen barruan, Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketaren amaiera galaren berri emateko ordua iritsi da. Iazko edizio arrakastatsuan bezala, ekitaldian irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gain, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa.
Abenduaren 1an, igandean, 12:00etatik aurrera Zabalganako gizarte etxean, Maddalen Arzallus, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Anda izango dira Zabalgana gizarte etxeko ekitaldi aretoan, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.
Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.
Irabazleak eta sariak
Jasotako lan guztien artean, lau sari banatuko dira: alde batetik, publikoak erabakiko du bideo-kopla onenaren saria; horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute.
Beraz, sarituak ugari izango dira, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:
- Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Lautadan Eskape Room bat.
- BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia talde irabazle bakoitzarentzat.
- ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
- HONTZA EXTREM abentura parkean taldean gozatzeko esperientzia.