Araba

Ane Arexolaleiba-Amilburu eta Agirre-Najera bikoteak izan dira nagusi Bertxoko sariketako lehenengo bi kanporaketetan

2024/01/17
Baditugu Aramaion eta Baranbion asteburuan zehar jokatutako bi kanporaketetako bikote irabazleak. Aguraingo Gaztetxean Ostiralean ospatuko den azkeneko kanporaketetako bikote irabazlearekin batera osatuko dute urtarrilaren 26an Gasteizen egingo den Bertxoko Sariketako final handia.

Pandemia osteko etenaldi luze baten ostean bueltan da Bertxoko Sariketa. Hiru

kanporaketa eta final handi batekin ospatuko dituzte bertsozaleek Hala Bedi irratian

astero emititzen den ”Bertxoko” irratsaioaren 20. urteurrena. Jada, lehengo bi

kanporaketak jokatuta eta hirugarrena faltan, itxura hartzen ari da final handiko

partaideen kartelak. Aurten gainera, Hala Bedi irratian programa emititzen duten

“Babazorra” irratsaioko kideak izango dira 3 kanporaketetako gai-jartzaileak. Bertso

mundutik urrun egon arren euren bihurrikeriak saioetan plazaratzeko prest iritsi dira.

Lehenengo kanporaketa aurreko ostiralean jokatu zen arratsaldeko 18:30etan

Aramaioko Zabola Elkartean. Bertan honako hiru bikotek hartu zuten parte: Martin

Abarrategi-Gari Arexolaleiba, Ane Arexolaleiba-Paula Amilburu eta Xabi Antia-Iraide

Onaindia bikoteek. Lagunarteko giro epelean kategoriako saioa eskaini ziguten sei

bertsolariek, umorea eta pikea lagun entzuleen barreak ateratzeko gai izan ziren.

Ongi jakin zuten Bertxoko programan erabiltzen duten umore eta toke ganberroa

bertso saiora isladatzen. Sandwich mixto eta Serapioren rapa ariketa zailei aurre

egiteko gai izan ziren eta azkenean entzuleek erabaki behar izan zituzten irabazleen

izenak. Kontaketa estu baten ostean Ane Arexolaleibak eta Paula Amilburuk lortu

zuten finalerako lehenengo txartela.


Bigarren kanporaketa, aldiz, igande arratsaldez ospatu zen Baranbioko Garrastatxu elkartean.

Goizean Arabako Bertsolari Txapelketako aurkezpena eta elkarteko Batzar Orokorra

ospatu behar zirela aprobetxatuta babarrun jan baten ostean oholtzaratu ziren beste

lau bikote: Markel Yoller-Danel Herrarte, Hegoi Amabizka-Peru Abarrategi, Aitor

Najera-Maddi Agirre eta Txomin Abarrategi-Aitor Ugarte bikoteak. Giro gazte eta ez

horren gazteak igande arratsalderako plan aproposa eskaini ziguten zortzi

bertsolariek. Babazorra programako kideen gidaritzapean denetarik entzuteko

aukera izan genuen: Durango azokako komunetako gatazkak, Bizkaira espioitzan

joateko espedizioak, etab. Baina arratsaldeko unerik politena Serapio Lopez

bertsolari baranbioarrak eskaini zigun. Ariketetako bat Serapioren rapa imitatzea

izaten da emandako zortzi errimaz lagunduta eta publikoak hala eskatuta Serapio bera

animatu egin zen mikro aurrera atera eta erakustaldi eder bat egiteko. Azkenean,

entzuleek Maddi Agirre eta Aitor Najera bikotea aukeratu zuten finalera pasatzeko.

Beraz, kanporaketa baten faltan ia erabakita geratu da Bertxoko Sariketako final

handia. Azkeneko kanporaketa Agurainen jokatuko da ostiral honetan arratsaldeko

20:30etan Aguraingo Latsarri Gaztetxean. Bertan izango dituzue kantuan honako

bikoteak: Aroa Arrizubieta-Eukene de los Aires, Sabin Abarrategi-Unai Anda eta

Samu Rodriguez-Eli Zaldua bikoteak. Gogoratu finala urtarrilaren 26an jokatuko dela

Hala Bedi irratiko ondoko lokalean.

EGIN HEMEN BERTXOKO SARIKETAREN JARRAIPENA