Araba

Bertso Bizi Gazte eguna eta Eskolarteko finala larunbatean Agurainen

2021/05/10
Dena prest dago maiatzaren 15ean Agurainen izango den Bertsoa Bizi Gazte egunerako. Egunari hasiera 10:00etan emango zaio, BBG lehiaketako bideoen proiekzio eta sari banaketarekin. Ondoren Eskolarteko bat-bateko finala izango da.

Iazko edizioa on-line burutu behar izan zen pandemiaren egoerak behartuta, baino aurten berriz ere jendartera eta  kalera eramateko urtea izango da, oinak buruan kobazulotik irteera ospatuz eskolarteko ikur bilakatu diren saguzaharrak bezala.

Maiatzaren 7an Legutio, Aramaio eta Gasteizen 14 urtetik 18 urtera bitarteko Arabako eskolartekoari hasiera eman zioten eskualde mailako topaketak jokatuz. 6 finalistak hautatu ziren saio horietan: Hegoi Amabizka, Maddi Agirre eta Euneke de los Aires gasteiztarrak, Beñat Cano aguraindarra eta Danel Herrarte eta Gari Arexolaleiba aramaioarrak. 

Maiatzaren 15ean izago da finala eta festa eguna Aguraingo Harresi aretoan. Zortziko nagusian eta zortziko txikian bina bertso, puntu bati erantzun eta gaiari bertso bat kantatu beharko dituzte bertsolariek. Larunbatean bertan erabakiko dira Euskal Herriko eskolarteko finalean Araba ordezkatuko duten txapelduna eta txapeldunordea. 

Ez da bat-batekoa izango eguneko final bakarra ordea. Azken urteotan ohikoa denez ikus-entzunezko BBG lehiaketa ere martxan da. 10 bideo aurkeztu dira, bideoklip bat eta mokoka bideo azkarren formatuko 9. Maiatzaren 11tik aurrera bozkatzeko aukera egongo da ostiralera bitarte, NIBANAXARABAKOA webgunean eta larunbatean bertan jakinaraziko dira sarituak. 

Izatez larunbateko jaia, 10:00etan hasiko da bideoklip eta bideo laburren proiekzioarekin. Rap eta musika tarte baten ostean izango da bat-bateko finala, eta txapeldunaren agurrarekin amaituko da festa eguna.  

Autobusez bertaratzeko aukera izango da, Oion, Agurain zein Gasteiztik, horretarako emaila idatzi bertsoabizi@gmail.com helbidera edo deitu 688695875 telefonora (Xabi Lasa), maiatzaren 13a baino lehen. 

2021-05-07 Legutioko kanporaketa