2020ko Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa martxan da
Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Bertsozale elkarteak BERTSOA BIZI GAZTE bideo klip eta zuzeneko emanaldien lehiaketa abiatu dute beste urte batez. Gazteen euskarazko sormena bultzatzea du helburu proiektuak. Maiatzaren 23an Legution izango da finaleko festa handia.
14-18 urte bitarteko gazteentzako proposamena da. Gutxienez hiru eta gehienez zortzi laguneko taldea osatu eta bi-hiruminutuko bideoklipa bidali beharko dute maiatzaren 15a baino lehen eta bertsoabizi@gmail.com helbidera helarazi. Gazteen euskarazko sormena lantzeko, aurretik 1.500 ikaslerekin egin da lanketa DBHko 18 ikastetxetan.
Zer da Bertsoa Bizi Gazte?
Bertsoa Bizi Gazte 2016an Arabako Bertsozale Elkarteak abiarazi zuen egitasmoa da. Gazteen euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Honetarako euskarazko sorkuntza da ardatz nagusia, baina musika, rapa edo ikus entzunezkoen arteko fusioa lantzea da oinarri nagusia. Egitasmoak bi eragin eremu nagusi ditu, bata, Hezkuntza Arautuan legoke kokatua. Bertan, Arabako institutuetan (DBH 3-4 mailatan batez ere) hiru-lau ordutako murgiltze saioak burutzen dira, ondoren euren ekoizpenak taularatzen dira bertso saio parte hartzaile baten bitartez.
2018-2019 ikasturtean 1500tik gora gazterengana iritsi zen lehen saio honekin eta baita Arabako eskualde gehienetara iritsi ere. Aisialdi eremuan berriz, BBG lehiaketaren bidez, taldekako euskarazko sormena bultzatu asmoz ikus entzunezko lanak osatu zituzten, izan bertso musikatu moldean, abesti edo rap moldeetan. Behin bideo klip lanak jasota, lehiaketak sare sozialetan bozka bidezko ibilbidea izan zuten eta azkenik Bertsoa Bizi Gazte Eguna antolatu genuen Legution maiatzaren 11an. Bertan, Arabako gazteak bildu eta egun osoko egitaraua osatzeaz gain, sariak banatu, zuzeneko emanaldia egin eta gazteen arteko loturak sustatu asmoz, Arabako gazteen Eskolarteko bertso txapelketako finala ere burutu zen.
2019-2020 ikasturtean 1500tik gora gazterengana iristea espero da berriz ere. Murgiltze saioen bidez, iaz parte hartutako institutu gehienek eman diote jarraipena ikasturte honetan (Gasteiz, Lautada, Mendialdea, Aiaraldea eta Gorbeialdean). Honetaz gain, bideo klip lehiaketaren bidez parte hartzea berdinduko dela aurreikusten dugu. Hau gutxi balitz, aurtengoan Zuzeneko emanaldiak egiteko aukera ere luzatuko dugu lehiaketaren barnean.
2020ko BBG lehiaketa:
BBG lehiaketa Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen du Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Arabako gazteen euskarazko sorkuntza bultzatzea du xede lehiaketak eta taldeka aurkeztu beharko dituzte euren ekoizpenak(3-8 lagun). Gaiaren aukeraketa talde bakoitzaren esku egongo da eta bertso musikatu, abestiei letrak aldatu edo RAP moldeetan eta euskara hutsean egin beharko dute lana. Maiatzaren 15rako aurkeztu beharko dituzte lanak eta maiatzaren 23an BBG eguna antolatu da Legution, Legutioko Udalaren babesarekin. Bertan, bideo klipak ikusi, zuzeneko emanaldiak entzun eta bertsolari gazteen eskolarteko saioaz gozatu, sariak banatu, herri bazkaria, kontzertuak … Egun osoko egitaraua antolatu da gazteen gozamenerako. Sariei dagokionean, aurtengoan ere 4 sari nagusi eskainiko dira, bideo klip onenaren saria, zuzeneko onenari, web guneko bozkatuenari eta txalo metroaren saria, guztiek irailaren 3, 4, 5 eta 6an asteburu pasa bera izango dute saritzat. Hain zuzen, Zuhatzan kirol abentura, euskara eta sormenaz gozatzeko aukera paregabea izango dute saridunek, Uribarri-Ganboako urtegiko inguru ezin hobean.