Aurtengo “Gazteak Plazara” ostiral honetan bukatuko da, Aramaion
Proiektuak martxan jartzea bezain garrantzitsua da proiektu horien arteko lotura egonkorrak sortzea. Baditugu bertso eskolak Araban, han-hemenka, jende gazte gogotsuz beteta. Baditugu bertsotan egiteko plaza ederrak ere, gero eta bertsozale eta euskaltzale gehiagoren bilgune direnak. Bertsoa lotzen ditu bi eremuak, baina batzuetan ez da nahikoa: laguntza apur bat behar izaten du bide horrek. Asmo horrekin sortu da “Gazteak plazara” egitasmoa: bertsotan egiteko gogoa duten bertso-eskoletako gazteentzako “igogailu” funtzioa bete nahi du. Plazetako oholtzetara gustura igotzeko eskailera-maila izateko asmoa dauka.
3 saio berezitan gauzatzen ari da, funtsean, “Gazteak plazara”. Legutioko gaztelekuan egin zen lehenengoa, urriaren 23an. Azaroaren 6an Zalduondon bigarrena eta Aramaion, ostiral honetan, azkenekoa. 17-21 urteko 12 gaztek parte hartu dute.
2015-11-27, ostirala, Aramaio
Gazteak plazara. Bertso-saioa Ordua: 19:00 Lekua: Sastiñan Bertsolariak: Maddalen Arrausi, Xabi Igoa, Iñaki Lertxundi, Jon Sanchez Gai-jartzaileak: Nieves Del Alamo Antolatzaileak: Arabako Bertsozale Elkartea