Andere Arriolabengoak eta Irati Andak txapelketarako lehen txartelak lortu dituzte
Asteburu honetan, otsailean hasiko den 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketarako lehen eta bigarren kanporaketak jokatu dira Maeztu eta Izorian. Bost kanporaketa izango dira eta hauetatik 13 bertsolari sailkatuko dira 2019ko txapelketarako. 2017ko txapelketako finalistak sailkatuta daude zuzenean. Lehen txartelak Andere Arriolabengoak eta Irati Andak eskuratu dituzte. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da eta gainontzeko 8ak puntuazioaren araberan.
Maeztuko kanporaketan Oier Suarez gai-jartzailearen eginduetara aritu ziren 6 bertsolariak. Andere Arriolabengoa zuzenean sailkatu da txapelketarako. Bertsolariek lortutako puntuazioak ondorengoak izan ziren: 165 puntu Andere Arriolabengoa, Aitor Ugarte 161 puntu, Unai Anda 160 puntu, Izar Mendiguren 158 puntu, Manu Bendala 154,5 puntu eta Unai Gomez 148,5 puntu.
Izorian jokatu zen bigarren kanporaketa, Lierni Altuna gai-emailearen esanetara. Irati Andak lortu zuen puntu gehien eta beraz txapelketara sailkatu da. Bertsolariek lortutako puntuak hauexek izan ziren: Irati Anda 169 puntu, Paula Amilburu 157 puntu, Unai Bengoetxea 152 puntu, Asier Rubio 150,5 puntu, Markel Yoller 144 puntu eta Mikel Martin 132 puntu.
Aste honetan burutuko dira beste hiru kanporaketa erabakigarriak. Hurrengoa, urriak 26 ostirala, iluntzeko 20etan Bastidako Kultur Etxean. Laugarren kanporaketa, larunbatean hilak 27, Aguraingo Zabalarte gunean arratsaldeko 17:30ean. Azkenik, bosgarren eta azken kanporaketa, igandean urriak 28, 17:30ean, Murgiako Udaletxean, non 18kotea erabakiko den.
Txapelketa 2019ko otsailaren 2an aurkeztuko da eta finala martxoaren 30ean izango da, Gasteizko Printzipal Antzokian.
Kanporaketen jarraipena hemen klik eginez izango duzue: