Aramaion, festa giroan bukatu da Arabako Eskolartekoa
Arabako bertso eskoletako haur, gazte eta gaztetxoak elkartu ziren Aramaion, batzuk lau oinetan aritu ziren, beste batzuk bertso sorta jarriak kantatuz eta nagusienek bat bateko saio petoa osatuz.
Aramaioko eta Legutioko ikasleen bertso sorta jarriak entzuteko parada izan genuen lehenik. Eta ostean, sei gazte oholtzan norgehiagokan Maria Izagak jarritako lanei fin, ausart eta arin erantzunez. Aroa Arrizubieta, Markel Yoller, Martin Abarrategi, Peru Amorrortu, Unai Anda eta Xabier Antia izan dira zortziko handian, zortziko txikian, puntu erantzunetan eta gaiari kantatuz aritu diren bertsolariak.
Azkenean, Aroa Arrizubietak jaso du Arabako mikro erreleboa, iaz garaile suertatu zen Peru Abarrategik berak pasa dio erreleboa. Egurrezko mikro honek urtero erreleboan etxez etxe, familiaz familia, auzoz auzo, herriz herri eta Arabako kuadrillaz kuadrilla ibiltzeko helburua du, beraz… 2017ko udaberria bitartean Gastezizen izango da Aroaren sendian.
Aroa Arrizuebieta eta Peru Amorrortu Bertxilika Bertso Eskolako kideak izango dira aurtengoan Euskal Herriko Eskolarteko finalean Arabako ordezkari. Ereñozun ospatuko da egun hau, ereñoztarra zen Txirrita bertsolari handia hil zela laurogei urte betetzen baitira.
Baina eguna ez zen hemen amaitu eta Aramaioko bailara honetara gonbidatutako eguzki izpi gozoen azpian herriko kaleetatik trikipoteoan ibili ziren gazteak. Ostean, oilasko paella eta gazta tarta ederra jan zuten San Martin eskolako jantokian.
Eta egunari amaiera emateko, herri olinpiadak, lokotxetan, eskiak oinetan eta sokatiran aritu ziren bertaratuak baina kantatzeari utzi gabe, puntuak eta oinak jarriz.
Egun borobila, bertsoz, barrez eta eguraldi ederraz lagundua Aramaion.