Aramaiok hartu zuen larunbatean Gorbeialdeko eskolarteko topaketa
Arratsaldeko 17:30ean hasita Xabi Igoaren aginduetara bertsotan aritu ziren txikiek irudimen, alaitasun eta daukaten bertsolari senaren erakustaldi bikaina egin zieten Santiñan batu ziren adin askotako entzule, lagun eta senitartekoei. Txalo zaparrada beroa jaso zuten, agerian geratu baitzen ikasturte osoan zehar egin duten lan bikaina, eta daukaten bertsotarako gogo eta grina, ekainaren 1ean legutiora ere eramango dutena zalantza izpirik gabe.
Horien ostean Gazteen txanda izan zen eta hauek ere ez ziren atzean geratu. Oholtza gaineko bost mutilek saio bizi eta atsegina eskaini zuten, eta eskertzekoa izan zen oholtzan erakutsi zuten plazako jarrera. Publikoak gozatu egin zuen.
Gasteizen sailkatutako Maddalen Arrausi eta Iñaki Tena, eta Zalduondon sailkatutako Egoitz Iradier eta Jon Unai Axperekin batera, Sabin Aranburu eta Peru Abarrategik kantatuko dute Legutioko Arabako bertso-eskolen egunaren barruan ospatuko den eskolarteko finalean.
Arabako Mendialdean izango da azken topaketa ostegun honetan arratsaldeko 14:30ean hasita. Bertan, Ibernalo Ikastola, Maeztuko herri eskola eta Kanpezuko institutuko haur eta gazteek emanaldia eskainiko dute kultur etxean, bertso sorta kolektiboak abestuko dituzte, eta saioan bertan Mendialdeko bertso-eskolako haurren bat-bateko saioa izango dugu.
Ekainaren 1a noiz helduko irrikitan daude arabako eskualde guztietako bertsolari eta bertsozale gazteak.