Hegoi Amabizkak jantzi du 2024ko Arabako Eskolarteko txapela
Eskualde ezberditenetako bertsolari gaztetxoen taldekakoarekin hasi da arratsaldea, Gorbeialdeko taldeko 6 lagun kamiseta urdinarekin, Lautadako 4 lagun kamista horiarekin eta Gasteizko 7 lagun kamiseta beltzez. Taldeko kideen artean ariketa ezberdinetan erakutsi behar izan dute errimatzeko duten trebezia eta 2 oinetan, 4 oinetan, amaiera eta 3 oin emanda, aurrekoak atzekoari eta ofiziotan koplaka ariketei erantzunez aritu dira. Hiru talde lehian aritu ondoren Gasteizko taldea gailendu da.
Bat-bateko saioaren unea heldu da ondoren. Gasteizko Hegoi Amabizka, Urko Lafuente eta Samuel Rodriguez, Trebiñuko June Astegieta eta Aramaioko Iraide Onaindia eta Anitz Abarrategi izan dira katuan aritutako finalistak.
Zortziko handian bina bertso kantatu behar izan dituzte lehenik, azterketa, lagun taldeak eta parrandak izan dituzte hizpide. Zortziko txikiaren txanda izan da hurrena eta umorea eta txispa izan dute lagun. Bakarka puntuei azkar erantzun ostean, gaiari bertso bat botatzeko ordua izan da, gai eta helduleku ezberdientatik eutsi diete gaiei.
Oihane Perea, Irati Anda eta Peru Abarrategik osatu duten epaimahai eta hauek emandako puntuaziaoren arabera, ekainaren 15ean Arantzan jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalean Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia arituko dira Arabako ordezkari gisa. Bertara hurbiltzera gonbidatu nahi ditugu Arabako bertsozale guztiak.
Aroa Arrizubietak jantzi dio txapela Hegoiri eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa ere jaso du.
Eskerrik asko Aramaioko Udalari, Ikastolen Elkarteari Eskolartekoa beste behin ere aurrera ateratzen laguntzeagatik eta zorionak Arabako bertso-eskolei astez-aste, urtez-urte egiten duten jardunagatik.
Urtez urte eta edizioz edizioz edertzen doan txapelketa da gurea. Jarraitu dezagun lanean, bertsoz bertso Araba kantuz bustitzen!