Arabako Bertsozale Elkartearen prentsaurrekoa Jagoba Apaolaza eta Iker Pastorren kontrako epaiketa salatzeko
Arabako Bertsozale Elkarteak komunikabideen aurrean prentsaurrekoa eman du Jagoba Apaolaza eta Iker Pastor bertsolariak Audientzia Nazionalean epaituko dituztela salatzeko.
Jagoba Apaolaza (Gasteiz) eta Iker Pastor (Zalduondo) bertsolariak otsailaren 24an epaituko dituzte Madrilen, Gasteizko Alde Zaharreko jai herrikoien barruan, presoen senideen omenezko kalejira batean bertsotan egiteagatik.
Arabako Bertsozale Elkarteko hiru kargudun nagusiek, hau da, Ekaitz Elorriagak (Lehendakaria), Andere Arriolabengoak (Sustapen arduraduna), Patxi Aizpuruak (Idazkaria) zera adierazi dute.
Bertsozale Elkarteak bere babesa azaldu nahi die Entzutegi Nazionalean inputatuta otsailaren 24an eta 25ean epaituko dituzten Jagoba Apaolaza eta Iker Pastor bertsolariei.
Bi bertsolariak epailearen aurrera deitu zituzten 2013ko martxoan, Gasteizko Alde Zaharreko ZAHARRAZ HARRO jai herrikoietako egitarauaren barruan, 2012ko ekainaren 30ean, egin zen preso eta iheslarien senideen omenezko kalejiran bertsoak kantatzeagatik. Orain, otsailaren 24an eta 25ean epaituko dituzte, ekimen berean parte hartzeagatik inputatutako beste hamaika lagunekin batera.
Bertsozale Elkartea osatzen dugun gizon-emakumeok uste dugu pertsona guztien iritzi eta pentsamenduak libreki adierazi ahal izatea eta errespetatzea ezinbestekoa dela, eta salatu nahi dugu libreki adieraztea eta sortzea galarazten duela egoera honek. Adierazpen askatasuna urratu eta euskarazko kulturgintzari zuzenean erasotzen diola uste dugu.
Egoera hau ez da berria, bertsolariek garaian garaiko eta tokian tokiko gertakizunen gainean kantatu izan dute beti, haien sentimendu eta pentsamenduak adieraziz. Horregatik, beharbada, beren jarduna jazarria izan da historiako hainbat momentutan. Garai horiek gainditutzat genituenean etorri da bertsolarien kontrako eraso zuzen hau.
Kultur jardun batengatik kartzelaratzeko mehatxua benetan larria da, guztiz onartezina eta irmoki salatu nahi duguna. Kulturak, biziko bada, ezinbestekoa du sortzaileak bere sentimendu eta pentsamenduak libreki adieraztea, eta epaiketa prozesuak berak dagoeneko baldintzatu egiten du adierazpen askatasuna. Adierazpen askatasunik gabe kulturak ez du etorkizunik.
Ohar honen bidez, gure elkartasuna adierazi nahi diegu epaituko dituzten bi bertsolariei eta haien senideei, eta kargurik gabe aske gera daitezen eskatzen dugu. Ez dugu onartuko era honetako mehatxurik, zentsurarik ezta zigorrik ere. Bertsoa aske, kultura aske.
Adierazi dute ere Arabako Bertsozale Elkarteak bat egiten duela BERTSOLARIAK LIBRE ekimenak antolatu duen bi ekitaldiekin, hauexek:
2014-02-20, osteguna, Gasteiz
Bertso-saioa BERTSOLARIAK LIBRE ekimena Ordua: 19:30ean Lekua: Gaztetxea Bertsolariak: Sustrai Colina, Odei Barroso, Nerea Elustondo, Peio Ormazabal, Eneritz Zabaleta, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Ander Solozabal, Aitor Sarriegi, Miren Amuriza, Manex Agirre, Unai Gaztelumendi, Erika Lagoma, Xabier Amuriza, Iñaki Viñaspre, Maialen Lujanbio Antolatzailea: Bertsolariak libre Kartela
2014-02-22, larunbata, Gasteiz
Komunikabideen aurreko agerraldi publikoa. Iker Pastor eta Jagoba Apaolazaren epaiketa salatzeko ekimena Ordua: 12:00 Lekua: Aihotz Plaza Antolatzaileak: Bertsolariak Libre Kartela