Araba

Arabako Bertsolari Gaztetxoen XXII.eskolartekoa

2017/05/16
14 urtetik beherakoen Topaketak martxan dira

Urtero bezala, aurten ere eskolarteko topaketak ospatzen ari gara, baina aurtengoan aldaketa batzuekin dator. 14-18 urte arteko Bertso Eskoletan dabiltzan kideen arteko topaketak egiteaz gain, 14 urtez beherako ikasleentzat Bertso jarrien lehiaketa antolatu da. Arabako sei eskualdetan topaketak burutuko dira eta maiatzaren 27an, Gasteizko Zaramaga pilotalekuan Arabako topaketa finalarekin bukatuko da.


Lautadakoa izan da eskualdeetako lehen topaketa, maiatzaren 12an ospatu zen, arratsaldeko 17:30tan Aguraingo Zabalarte aretoan. Bertan Dulantzi eskola, Araia eskola, Lope de Larrea eta Lautada ikastolako ikasleek parte hartu zuten. Topaketa horietarako bertsoak klasean hasi ziren prestatzen eta denbora librean bukatu behar izan zituzten. Guztira 13 taldek abestu zuten topaketan, baina bertsoak talde gehiagok aurkeztu dituzte. Zabalarte aretoa ikaslez eta gurasoz bete zen eta denen aurrean abestu zituzten aukeratutako bertso sortak, jende asko aurrean eta urduri egon arren oso ondo egin zuten denek. Partaideak sari moduan merienda bat egiteko produktuz osatutako poltsatxoa jaso zuten. Egunarekin amaitzeko Lautadako Bertso Eskolako kideek bertso batzuk kantatu zituzten eta talde argazki ederra atera zuten.

 

Hurrengo geltokia Arabar Errioxa, La Puebla de Labarkako Plano enparantza izan zen, maiatzaren 14an eguerdiko 13etan EKA asteburuaren egitarauaren barnean Lantziego eskolako, Assa Ikastolako, Bastida Ikastolako eta San Bizente Ikastolako ikasleek idatziko 10 bertso sorta saritu ziren. Merendurako poltsatsoak Ttiki Ttaka Elkarteko Aitor Urkizaren eskutik jaso zituzten gaztetxoek. Eguna giro ederrean pasatzeko aukera ederra izan zuten bertaratuek jolasak, dantzak eta herri bazkaria ere izan baitzuten.


Baina hau ez da hemen amaitzen, maiatzaren 19an hiru topaketa izango dira arabako hiru eskualde ezberdinetan. Aiaraldeko Topaketa, Amurrioko katekesian burutuko da arratsaldeko 18etan, Gorbeialdekoa, Zigoitiko Kultur Etxean arratsaldeko 17:30ean eta Mendialdekoa, Kanpezuko Kultur Etxean izango da arratsaldeko 17.30ean. Gasteizko topaketa berriz arabako azken topaketa finalaren egun eta leku berean izango da, maiatzaren 27an goizeko 10etan Gasteizko Zaramaga pilotalekuan. Geroxeago, eguerdiko 12etan arabako eskualde desberdinetako ordezkariak izango dira eta bertso eskola desberdinetako kideek lan desberdinak burutuko dituzte goiz osoko egitaraupean.