Araba

Soto, Abarrategi, Perea eta Anda bideo-kopla lehiaketaren sari banaketan izango dira

2022/11/18
Abenduaren 1ean, Julio Soto, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Andaren bertso saioarekin eta sari banaketarekin amaituko da Arabako 2022ko bideo-kopla lehiaketa. Bideoak bidaltzeko epea azaroaren 17an amaituko da.

Azken txanpa iritsi zaio Arabako bideo-kopla lehiaketaren hirugarren edizioari. Bozketa fasea irekiko da laster, eta "Gure Herria" gaiaren inguruan sortutako bideo guztiak ikusgai izango dira egun batzuk barru ALEA.eus webguneko atal berezian

Bitartean, Gasteizko Udalak sustatutako eta ELKAR, BAKH eta Laboral Kutxak babestutako Euskararen Astearen barruan, Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketaren amaiera galaren berri emateko ordua iritsi da. Iazko edizio arrakastatsuan bezala, ekitaldian irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gain, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa.

Abenduaren 1ean, ostegunean, 19:00etatik aurrera, Julio Soto, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Anda izango dira Salburua gizarte etxean, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.

Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 17:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 18:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.

2021eko bideo-kopla lehiaketaren sari banaketako bertso saioa. / ALEA