Aldaialde eskolako 5.A taldeak jaso du aurtengo publikoaren saria
Bertso-kopla bideo lehiaketako IV. edizioan 100 talde inguru izan dira lehian. Guztien artean milaka boto jaso ostean eta epea agortuta, ALEAren webguneko irakurleek emandako saria Aldaialde taldearen esku geratu da, 3.624 bozka jasota. Bigarren tokian Gasteizko beste talde bat izan da: Errekabarri 5.D taldea, 3.400 botorekin.
Baina hori lehen saria besterik ez da. Orain, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute.
Guztien artean honako sariak banatu dira, lehiaketako babesleen eskutik. Talde irabazleetako ordezkaritza batek jaso beharko du saria, datorren abenduaren 3ko sari banaketa ekitaldian:
- Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Escape Room bat Lautadan.
- Bakh-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia bat.
- Elkar liburu dendan material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
Sari banaketa
Iazko edizioan bezala, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa. Abenduaren 3an, igandean, 12:00etatik aurrera, Oihana Iguaran, Unai Anda, Oihane Perea, Aroa Arrizubieta eta Irati Anda izango dira Salburua gizarte etxean, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.
Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.