Araba

Aitor Ugarte Txapeldun Arabako eskolartekoan

2020/10/10
12:00etan jokatu da Murgiako Palatu Kirol eremuan Arabako 2020ko eskolarteko finala. Eukene los Airesekin EH-o finalean izango da.

Murgiako palatu Kirol eremuak bertsoari aterak zabaldu dizkio gaur goizean, 12:00etan Arabako eskolarteko bertsolari txapelketako finala jokatu da bertan bildutako 80 bertsozaleren aurrean.

Gasteizko Hegoi Amabizka eta Eunene de los Aires, Aramaioko Danel Herrarte, Gari Arexolaleiba eta Aitor Ugarte eta Aguraingo Beñat Cano izan dira hiru eskualdeetan egindako topaketetan aukeratutako 6 finalistak.

Mikrofonoa babesteko zorroak jarri ta kendu, gel hidro-alkoholikoa sarri bota, maskara jarri esertzean, kantatzeko kendu … bertsoa egiteko nahiko lan ez eta, aurten bereziki zaila izan da bat-bateko jarduna.  Edonola ere, segurtasun neurri guztiak lagun, saio beroa eta maila txukunekoa egiteko gai izan dira bertsolariak, entzuleen epeltasunak ere bultzada eman dielarik.

Zortziko handian bina bertso kantatu behar izan dituzte hasteko. Aiton-amonak ikusi gabe aspaldian egondako biloben paperean  lehenbizi. Institutura bueltatzeko gogoz zeuden arren ikusitakoarekin haserre dauden ikasleen paperean ondoren, edo etxetik joan nahian dauden gazteen larrutik amaitzeko.

Zortziko txikian ofizioka hiruna bertso umoretik kantatzen  entzun ahal izan ditugu ondoren 6 bertsolariak. Garai xelebre hauetan asko ligatzen duena eta ezer ligatzen ez duena aurrez aurre jarrita Hegoi eta Beñatek saio bizia egin dute. Aitor eta Gari ere inoiz kirola egin ez eta korrika hasi berri diren bi lagun izan dira, konfinamendua eta gero geldi egotearen ondorioak pairatu ostean,  “grabitateak ondo ein du bere lana” gogoratu du Aitorrek edo “bihar ez gara pertsona izango” .  Eukene eta Danelek bertso-eskolako errealitateari heldu ahal izan diote, herdoildutako eta asko entrenatutako ikaslea bere kontraesanak azaleraziz.

Bina punturi erantzun behar izan diete ondoren bakarka. Eta azkar eta txukun erantzun dituzte  oro har. Bizitzea tokatu zaigun errealitate berezi honi umorez eta kritiko erantzuteko aukera izan dute. Beñat Canok esan bezala, “aurrera egin behar da ta beti barrezka” eta hórrela heldu dira bakarko azken  lanera.

Eukene de los Airesek esan bezala, saioaren amaierarako nerbioak lasaituta eta gozatzen aritu dira bertsolari gazteak askoren lehen aldian.

 “Eskolarteko berezi hori / ez da horrenbesterako....prestatu Euskal Herrirako!

Ekaitz Elorriaga, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Aitor Jimenezek osatu duten epaimahaiak Aitor Ugarte aramaioarra izendatu dute Txapeldun eta Euneke de los Aires Gasteiztarra txapeldunorde.

Aroa Arrizubietak iazko lekukoa jasotzen duen egurrezko mikrofonoa pasa dio Aitorri eta sendo kantatu digu  “lekukoa pasatu / daigun eskuz esku /  ze bertsoak txapeldun / bat bakarrik ez du”. Harro hartu du lekukoa eta eskerrak emanez agurtu gaitu txapeldunak. Luzaroan gogoan izango duen txapelketako oroigarri borobila eraman du etxera.

Mikroa doa oinordetzan ta / Nola ez harro sentitu / Aurrerantzean bertso ederrak / Ere kantatuko ditu!

Eskerrik asko Ikastolen Elkarteari Eskolartekoa beste behin ere aurrera ateratzeko emandako emandako laguntzagatik  eta Zorionak Arabako bertso-eskolei, ez baita makala egoera zail honi emandako erantzuna, eta lortutako emaitza. 2021ean gehiago eta hobeto.

Aitor Ugarte agurra kantari