Ærrimatu gara beste behin ere
2024koa “Ærrimatu Arabako bertsolariak herriz herri” egitasmoaren laugarren edizioa da. Ekimena Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen du Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Edizio honetako 3 saioetako 2 jada ospatu dira, hain zuzen ere Eskuernagan eta Langraizen.
Hainbat dira egitasmo honek dituen helburuak; Arabar bertsolari eta gai jartzaileei trebatzeko plazak eskaintzea, bertsoa gure lurretako ertz ezberdinetara gerturatzea, publikoa gozaraztea eta euskararen presentzia Araban zehar bermatu eta sustatzea.
Jada neguan murgildu garen honetan, hotzak ez zituen entzuleak kikildu eta bertsoen goxotasunera hurbildu ziren asteburuari bukaera ezin hobea emateko asmotan.
Ærrimatuko lehenengo saioa abenduaren 15ean ospatu zen Eskuernagako Kultur Etxean. Bertan Hegoi Amabizka, Iñaki Viñaspre, Orlando Arreitunandia eta Paula Amilburu bertsolariak izan genituen Irati Anda gai emailearen gidaritzapean. Gaiak askotarikoak izan ziren; euskararen arnas guneak, pantailekiko abstinentzia sindromea eta gabonetako erosketak bezalakoak tarteko.
Goizeko saioa bukatuta, soinu ekipoa jaso, furgonetan kargatu eta Langraizera egin zuen bidea Ærrimatuk, izan ere, bigarren saioa igande arratsaldez ospatu zen herriko Gizarte Etxean. Bertan, Irati Anda, Martin Abarrategi, Oihane Perea eta Xabi Antia bertsolariek abestu zuten Uxue Diaz de Cerio gai emailearen esanetara. Ariketen artean aipatzekoak bertsoen gidaritzapean eginiko marrazki eta lagun ezkutua izan ziren.
Bi saio hauek bukatuta, badago oraindik Ærrimatuz gozatzeko aukera, izan ere, hirugarren eta azken saioa Izarrako Kultur Etxean ospatuko da abenduaren 28an, larunbata, 19:00etan. Bertan, Aitor Ugarte, Eli Zaldua, Peru Abarrategi eta Unai Andak abestuko dute Marta Ugarte gai emailearekin batera.