Araba

Gasteizko alde zaharrean zehar ospatu zen Bertxoko eguna

2024/11/05
Aurreko Larunbatean, urriak 26, Hala Bedi irratiko Bertxoko irratsaioaren festa handia ospatu zen. Badira 21 urte Bertxoko irratsaioa martxan jarri zutela eta urteak ospatzeko “Bertxoko Eguna” antolatzea erabaki zuten bertxokotarrek.

Goizeko 12etan Hala Bedi tabernan elkartu, gosaldu eta agur erronda pare batekin eman zioten egun euritsuari hasiera 10 bertsolariek. Tabernak hutsik baina kopla eta potez beterik ekin zioten aurrera bertsozale kuadrilak, duela zenbait urteko “Bertxorakeriketa” txapelketaren formatua berreskuratzea baizen helburua. Bertso-poteo luze bat zeukaten aurretik Parral, Elizondo, Garraxi, Txinbo,Txapelarri eta Hala Bedi tabernetatik igaro behar baitziren.

Hasieran, bikoteka abestu zuten taberna bakoitzean bata bestearen aurka bertxokotarrek emandako gai bati erantzuna emanez. Hispanitate eguneko bertso saioa, juergetako ligoteoak, ETB… bezalako gaiekin kantuan ibili ziren publiko handiaren gozamenerako. Poteoaren bigarren zatian ordea erronka ezberdinak jarri zitzaizkien bertsolari bikoteei, Rikardok ez dituen pegatinak topatzea, etxeko giltza sortak lapurtzea… Poteoa asko luzatu bazen ere ederki bete zituzten euren probak.

Bazkalordua heldu eta Beheko Sua elkartean jarraitu zuen festak, bazkaldu eta ondorengo mikro ireki inprobisatuarekin. Amaitzeko, Liburutopiatik antolatutako bertso paper txapelketako finalisten emanaldia izan zuten bertsozaleek. Finalista ziren Ainhoa Garzia Monterok, Iker Legorburu Arregik eta Rikardo Gonzalez de Durana Alzolak euren bertso sortak abestu zituzten eta publikoaren txalo artean iragarri zuten irabazlea, Iker Legorburu Arregi.

Arratsaldean zehar Kutxiko tabernetatik jarraitu zuen festak, batzuk bertsotan besteak barrezka, egitarautik kanpoko poteo ez-ofizialarekin. Egun euritsua atera zitzaien arren gogotsu daude hurrengo urteko bigarren ediziorako, egitarau xumeek funtzionatu eta bertsozaleak elkartzen dituela frogatu ostean. Bitartean, segi ezazue Bertxoko entzuten, Asteazkenero 104.7FM Hala Bedi irratian.

Hemen Ruben Argotek ateratako argazkien galeria.