Araba

‘Bertsokleta’ ekimena Agurainen geldituko da

2014/04/16
Nafarroan euskarak bizi duen egoera ezagutzera emateko, zazpi egunetan Euskal Herriko zazpi herrialdeak bizikletaz zeharkatuko ditu ‘Bertsokleta’ ekimenak.

‘Bertsokleta’ ekimenak Nafarroan Vascuence-aren Legearen ondorioz euskarak bizi duen egoera ezagutaraztea du helburu, ‘Euskaraz bizi eta ikasi’ ekimenak bultzatuta.

Hala, zazpi egunetan Euskal Herriko zazpi herrialdeak bizikletaz zeharkatuko dituzte, apirilaren 19tik 25era, bizikleta eta bertsoa uztartuz. Zazpi bertso eskola bisitatuko dituzte eta herrialde bakoitzean bertso saio bat egingo dute, Nafarroako «hizkuntz-apartheid-aren» egoeraren berri emateko.

Ibilbidea Lodosan hasiko dute apirilaren 19an; hurrengo egunetan Agurain-Markina, Markina-Lasarte, Lasarte-Senpere, Senpere-Urdinarbe, Urdinarbe-Baigorri eta Baigorri-Iruñea etapak egingo dituzte.

Apirilaren 19an Agurainera iritsiko dira. Lautadako bertso-eskolak harrera egingo die. Poteoa 19:30ean abiatuko da Mendibil tabernatik Kale Nagusian. Ondoren Herriko Tabernan bertso-saioa arituko dira Bertsokletan etorritako bertsolalaria hauek: Aimar Karrika, Iban Garro, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Oskar Sanz de Acedo, Mikel Juaniz, eta Lautadako bertso-eskolako kideak.

Bideoa