Zuhatzan amaituko da Bertso Udalekuen aurtengo denboraldia

2017/08/23
78 gaztetxo daude untxien irlan, bereziki bertsolaritza eta ur kirolak uztartuz.

Uztailaren 4an Orion hasi zirenetik, Irañeta, Bidarrai eta Muxika zeharkatu dituzte Bertso Udalekuek, eta abuztuaren hondarrean porturatu dira Zuhatzako irlara, denboraldia bertan amaitzeko.

Uribarri Ganboako urtegian kokatua egonik, ur jolasak dira nagusi Zuhatzako txandan. Hori bai, Bertso Udalekuek oinarri dituzten lagunarte, sormen eta bertsolaritza dira jaun eta jabe hemen ere. Hala, Kontu Kantoi narrazio taldea osatzen duten Beatriz Egizabal ipuin kontalaria eta Cesar Marcos marrazkilaria hurbildu zitzaizkien irlara eta bihar Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak bertaratuko dira. 

Ostiralean amaituko da Zuhatzan dauden 78 gaztetxoen egonaldia, eta baita Bertso Udalekuen 20. edizio hau ere.

Eta hala bazan edo ez bazan...

Zuhatzako taldea, aurtengo Bertso Udalekuetan.