Zuhatzako irlan 'Guantanameran'
Uztailaren 24etik 28ra Zuhatzako paradisuan elkartu dira 9-11 urteko 34 pirata eta 6 hezitzaile kortsario. Lapurdi, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bertsozaleek hartu dute irla, Guantanamera doinuan sortutako ereserkiarekin. Egunero ur ekintzak egin dituzte, hatzamarrak zimurtzeraino: windsurf, piragua, arrauna, bela… Eta uretatik lehorrera irtendakoan, energia apurrak xahutu dituzte jolasetan. Irlan naufrago izan dira bi bertsolari gonbidatu: Xabat Illarregi eta Maddi Agirre. Bertsozaleen ongietorria jasota, objektuak emanda pasadizoak inprobisatzen jolastu zuten eta afalostean saio irrigarria eskaini ere bai; Zuhatzako lagunak ere aritu ziren bertsolariekin puntutan. Azken gaubelan mikro irekian lagun bakoitzak bere barneko artista atera zuen, taldea agurtzeko.
Zuhatza maitasunez, dantzaz eta umorez Karibeko irla bilakatu duen begirale taldean Irati Tolosa, Joar Garate, Danel Herrarte, Gari Arexolaleiba, Joane Bilbao eta Maindi Estiballes elkartu dira.
Hitzez ezin dena iruditan ikusteko, hemen txandako bideoa!
1998. urtetik Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak. Edizio hau Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestu dute, Irizarren eta Kaikuren laguntzarekin.