Zuhatza piraten uharte bilakatu da Bertso Udalekuetan
Egunerokoan ez da umorerik eta ur ekintzarik falta: piragua, bela-ontzia, wind-surfa, arrauna... denetik ari dira egiten Zuatzan elkartutako 9-11 urteko haurrak. Lakutik irtenda bertso jolasak, piropo-posta eta gaubelak dituzte zain. Begirale taldean daude Esti Alberdi, Itxaso Paia, Imanol Irazustabarrena, Izar Mendiguren, Maialen Akizu eta Haizea Beruete piratak.
Asteartean Oskar Estanga musikaria izan zuten bixitan, eta txandako kantua sortu eta grabatu ostean, gaubelan dantzaldia egin zuten.
Asteazkenean Iosu Isaias begiralearekin hezkidetza eta tratu onak lantzeko jolasak egingo
dituzte egunean zehar, eta suaren inguruan egingo dute gaubela. Aurten, izan ere, Emakunderekin elkarlanean bertso-udalekuetan hezkidetza lantzeko aukera izan dugu. Hala, txanda guztietara Iosu Isaias begirale espezialista etorri da egun osoko dinamikak bideratzera, genero sentsibilizazioa, sentimenduak eta tratu onak azaleratuz.
Ostegunean Eneko Fernandez eta Agin Laburu bertsolariak etorriko zaizkie bixitan; haurrekin jolastu eta eurek jarritako gaiekin eta frogekin ariko dira bertsotan.
Ostiralean etxeratuko dira; ordurako Zartako Pirataren altxorra aurkitzea espero dute.