Zuhatza: Patati, patatu, patata-a…
“Patati, patatu, patata-a… Ta ez zaigu ezer falta!” izan da Zuhatzako kantuaren leloa, alboko kanpamentuak ere abesten amaitu dutena.
9-11 urteko 47 haurrek denetik egin dute Arabako irlan: wind surf, arrauna, pedaloak, piragua, optimist… Eta Miren Amuriza eta Koldo Muñiz bertsolariak izan dituzte bixitari; irlan zehar egindako pista jolasean, euren berri ezagutu zuten lehenik. Bertso-eskola tailerrean, bertsolariei ongietorria prestatu zieten; harrera egin ostean, bertsolariekin bandera jolasa egin zuten errimekin. Mozorro eguna, zikin jolasak, historiako bertsolarien bertso eta kantuekin egindako gaubela… Hamaika oroitzapen geldituko dira, baina batez ere, “Obladi oblada” kantuaren lelo itsaskorra, itzulerako autobusean geltoki bakoitzean abestu eta koreografiatuta.
Txikienen txandan begirale eta “amatitisarentzat” botika izan den lantaldea, lagunok osatu dute: Irati Tolosa, Ane Zubia, Aratz Errementeria, Martin Abarrategi, Uxue Perez eta Danel Herrarte.
Hemen duzue Zuhatzako Bertso Udalekuen bideo laburpena:
Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.