Zortzi saio izango ditu urritik maiatzera egingo den Gai-jartzaile Eskolak

2014/07/17
Irailaren 22ra arte eman daiteke izena Gai-jartzaile Eskolan. Urritik maiatzera zortzi saio izango ditu egitasmoak, hileroko maiztasunez. Saio tematikoak izango dira eta horietan gai-jartzailearen zeregina hainbat arlotatik landuko dituzte, bertsolari zein idazleen gidaritzapean. Josu Goikoetxea izango da Gai-jartzaile Eskolako zuzendaria.

Urrian abiatuko du Bertsozale Elkarteak Gai-jartzaile Eskola. 2015eko maiatza arte luzatuko da egitasmoa, zortzi saio izango dira, hileroko maiztasunarekin.Josu Goikoetxea gai-jartzaile eskarmentuduna izango da zuzendaria. Amaia Agirre bertsolaria izango du laguntzaile; besteak beste, bertsolari eta gai-jartzaileen arteko harremanak indartzea delako Gai-jartzaile Eskolaren helburuetako bat.

Horrekin batera, honako beste helburu nagusi ditu egitasmoak: plazako gai-jartzaileen lana eta ofizioa prestigiatzea, plazaz plaza aritzeko gai-jartzaile taldea trebatzea eta plazen inguruko gogoeta bideratzea. Horretarako alderdi teorikoa eta praktikoa uztartuko dituzte saioetan

Saio tematikoak izango dira eta horietan gai-jartzailearen zeregina hainbat arlotatik landuko ditu eskolak: jaialdiaren egitura, gaien planteamendua, gorputz espresioa, hitzen erabilera ideologikoa, literaturaren eragina, saioaren formulazioa…

Bertsolariez gain, idazleek ere hartuko dute parte Gai-jartzaile Eskolan. Aitor Sarriegi, Iñigo Aranbarri, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Josu Goikoetxea, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez eta Josu Goikoetxea izango dira saioak gidatuko dituztenak.

Gai-jartzaile Eskolan izen-ematea zabalik da. Matrikularen prezioa 45 eurokoa da eta sustapena@bertsozale.com helbidean eman behar da izena  irailaren 22a baino lehen.

Gai-jartzaile eskola :: Egitaraua

Gai-jartzaileak trebatzea da Eskolaren helburuetako bat.