Zirtoa, errimaz gozatzeko baliabide aproposa

2021/07/16
Ez bakarrik errima lantzeko eta hartaz gozatzeko; bertsoa osatzen ikasteko prozesuan pauso garrantzitsua izateaz gainera, bestelako onura batzuk ere badakartza ikasgelan zirtoaren lanketa egiteak.

"Neurriaren kezka alde batera uzten duenez, zirtoak errimaren arazoa erdigunean jartzen du, eta arreta horretan jartzeak errimatzen ikasteko balio du", azaldu du Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lana aurkezteko ardura hartu duen Mikel Artolak, Amasa-Villabonan egindako aurkezpen saioan.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek - Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi - sinatutako lanak eskuratu zuen iaz Pello Mari Otaño Beka. Proposamena gorpuzteko urtebeteko epea pasata, amaitutako lana ezagutzeko aukera izan da.

Bertsoa egiten ikasteko bidean, zirtoak errima eta bat-batekotasuna lantzeko eskaintzen dituen aukerak ikas-irakas prozesuan aintzat hartzekoak direla nabarmendu da. "Errimak duen berezko erakargarritasun estetikoaz jabetu eta horrekin gozatzea" ere badakarrela aipatu du Artolak, ahozkotasunari loturiko beste zenbait trebezia garatzeko aukerez gain; baita gaitasun pertsonalei eta sozialei dagozkienak, edota bertsolaritzaren historia bera gehiago ezagutzeko ere. Zirto historikoak eta taldeak berak sortutako zirtoak jasotzen dituzten bideoak egin dira, eta horiek www.bertsoikasgela.eus eta www.bertsoeskola.eus webguneetan jarriko dira eskura erabilera didaktikorako. Lehen probak egin dituzte jada ikasgelan.

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean abiatutako bidearen lehen emaitza izan da hau, eta bigarrenerako bidea egingo duen proiektua zein izango den ere iragarri da ekitaldian bertan: Maialen Akizuk eta Eresti Oiarbidek lortu dute bigarren deialdiko saria,  Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian proposamena gauzatzeko.

Urriaren 1ean Ordizian egingo den aurkezpen eta bertso saioan ezagutuko dugu proiektuaren nondik norakoa.

Informazio gehiago, www.mintzola.eus eta www.kilometroak.eus webguneetan.

Mikel Artola Amasa-Villabonan egindako aurkezpenean. / XDZ