Zein ezaugarri dituzte bertso-eskolek?

2023/11/03
2022-2023 ikasturteko datuen bilketa egin du Bertsozale Elkarteak. Hauek dira emaitzetako batzuk; guztiak bertsoeskola.eus atarian topa daitezke.

1.507 lagun elkartzen dira 119 herritako bertso-eskoletan beren zaletasuna partekatzeko. Horixe diote Bertsozale Elkarteak 2022-2023 ikasturtean bertso-eskolengandik jasotako datuek. Belaunaldi ezberdinek partekatzen duten zaletasuna da gainera, 1.055 haur eta 452 heldu inguru elkartzen baitira; eta 89 irakasle aritzen dira saioak gidatzen.

Hainbat aldagairen araberako datuak ere xehatu dira, eta bertsoeskola.eus atarian daude eskuragai.

Adina, generoa eta euskara

Adina eta generoa kontuan hartuta, bertso-eskolako kide parte-hartzaileen profila aldatu egiten da. Partaide guztiak aintzat hartuta (1.507 lagun) emakumeen eta gizonen arteko kopurua orekatua da; aitzitik, haurren taldeetan emakumeen parte-hartzea handiagoa da (%59) eta helduen taldeetan %71 dira gizonezkoak. Era berean, haurretan talde mota ugariena neskek soilik osatutakoa da, eta helduetan ezaugarri horietako taldeak oso bakanak dira.

Bertso-eskolako kideen artean euskara etxetik kanpo jaso dutenak eta zenbat diren etxeko transmisiotik jaso dutenak, datu horiek ere jaso ditugu lehen aldiz: haurretan %18a da eta helduetan %22a euskara etxetik kanpo ikasi eta bertso-eskolara datorrena.

Datu gehiago topatuko dituzu bertsoeskola.eus webgunean

Talde gehienak bat-batean trebatzeko elkartzen dira (101 talde).

Bildutako datuak 2022-2023 ikasturtekoak dira, eta bertso-eskoletako arduradunek eta irakasleek betetako galdetegiei esker lortu ditugu. Datu bilketa hau lau urtetik behin gauzatzen dugu, eta Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen elkarlanari esker egin dugu. Datuak Xenpelar Dokumentazio Zentroan gorde dira eta konfidentzialtasuna zainduz, ikerketerako baliatu ahalko dira. Lortutako datuak kuantitatiboak dira, eta beraz, zenbakion atzean dauden errealitateak ulertzeko bestelako azterketak beharko dira.

Emakumeen parte hartzeak behera egiten du adinak gora egin ahala.