Zehaztu dira Euskal Herriko Eskolarteko parte-hartzaileak

2022/06/08
Hamabi gazte ariko dira kantuan ekainaren 18an, Iurretan; Unai Iturriagak jantziko dio txapela irabazleari. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da www.bertsosarrerak.eus atarian.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako lurraldeak elkartzen dituen Eskolartekoa eginda, ezagutu ditugu 2022ko Euskal Herriko Eskolartekoan oholtzara igoko diren hamabi bertsolariak. Duela zenbait aste aurreratu genituen ordezkari arabar, gipuzkoar eta nafarrei, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko lurraldeetako Eskolartekoetatik sailkatutakoak gehitu behar zaizkie. Honenbestez, hau da zerrenda osoa: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.

Eskuratu gonbidapena www.bertsosarrerak.eus atarian

Ekainaren 18an Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian izango da saioa 11:30etik aurrera, eta amaitutakoan mokadua eskainiko da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da www.bertsosarrerak.eus atarian.

Unai Iturriagak jantziko dio txapela irabazleari.

Jendaurrean aritzeko plaza eskaintzen

Urtearen hasieran ekin zitzaion Eskolartekoari: Gipuzkoan hasi zen lehenik, eta pasa berri den asteburuan Itsasun egin zen saiora arte, hainbat gazte aritu dira kantuan. Hain zuzen, hori da, besteak beste, Eskolartekoaren helburua: 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketa.

34. edizioa izango du aurtengoa Euskal Herriko Eskolartekoak. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du. 

Urrian egin zen iaz Euskal Herriko Eskolartekoa, Abadiñon. / XDZ