Zeanuri, Dulantzi eta Bertso Eguna asteon sareko plazan

2015/01/26

Zeanuri, Dulantzi eta Bertso Eguneko bertsoak izango dira asteon sareko plazako eskaintza. Zeanurin urteroko jaialdia egin zen urtarrilaren 18an: Etxahun Lekue, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga aritu ziren bertsotan. Hautaketa jada sarean dago ikusgai.

Dulantzin, berriz, Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa jokatu da asteburuan. Oihane Perea nagusi du da berarekin batean aritu dira Ruben Sanchez, Irati Anda, Unai Bengoetxea, Iker Pastor eta Ander Solozabal. Bertsoak atal berria jarri du webgunean Arabako Txapelketari jarraipena egiteko

Asteko bertso eskaintza osatzeko, larunbat honetan, Bertso Eguneko jaialdi nagusia zuzenean emango du Bertsoak, Donostiako Kursaaletik. Asteartean emango ditu Bertsozale Elkarteak ekitaldiari buruzko xehetasunak.

Estereotipoak bertsogintzan

Informazio aldetik ere Bertso Egunak eta Arabako txapelketak presentzia handia izango dute asteon. Horretaz gain, estereotipoek bertsogintzak duten eraginaz bideo erreportai zabala eskainiko du Bertsoak ostegunean, bertsolarien testigantzetan oinarrituta.