Zarauzko bertso-astea, sareko plazan
Ahoa Bete Hots eta Bertsoa Unibertsitatean zikloak amaituta, bertsolaritzak ikasgelak atzean utzi eta plazetara bideratu du arreta guztia. Horren adibide gaur bertan plazaratutako bertso-saioa. Hilabete hasieran izan ziren Usurbilgo Santixabel jaiak eta hango bertso-jaialdia bildu du Bertsoak. Gainera, jaialdiaren eta antolaketaren nondik norakoak gehiago ezagutu asmoz, antolatzaile lanetan aritu den Iñaki Agirresarobe "Tola" elkarrizketatu dute.
Zarautzen bertso-astea ospatuko dute uztailaren 16an hasi eta 18ra bitarte. Bertsolaritzaz gozatzeko formatu ezberdinak eskainiko dituzte egun hauek eta horren inguruko xehetasunak ezagutuko ditugu bihar Bertsoan. Ostegunean ere Karmen Eguna da eta bertso-saio ugari burutzeko aitzakia izanik, agendari begirada botako dio bertsolaritzaren gaineko atariak. Ostiralean, nola ez, ohi bezala atzera begira jarri eta duela zenbait urte botatako bertsoaldia berreskuratuko du Bertsoak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz.