Zaleekin egingo dugun bertso plaza, Bertsoa.eus atarian

2020/06/01
Jada amaitu dira gaur goizean eskuragarri jarri ditugun gonbidapenak, ostiralean Amasa-Villabonan zaleekin egingo dugun bertso saiorako. Zuzenean jarraitu ahal izango da sareko plazan.

Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Subijana etxearen atzean eta pilotalekuaren aurrean dagoen Gudari plazan saioa antolatu dugu, udalaren laguntzarekin: bertsolariekin, gai jartzailearekin eta...zaleekin! Gaur goizean hasi gara gonbidapenak banatzen eta jada banatu ditugu guztiak; dena den, saioa jarraitzeko aukera izango da Bertsoa.eus atarian. Ostiralean izango da, 18:30ean: Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan, eta Imanol Artolak jarriko ditu gaiak.

Asteazkenean bidaia eguna da: 2084 urtera egingo dugu, Amaia Iturriotz, Eli Pagola eta Maider Arregi kantuan direla, eta Jokin Bergara izango da gai jartzen. 18:30ean abiatuko gara.

Eta gaurko potokasta entzungai duzu jada: Lilibertso bertso-eskolako Ibai Amillategi etxeko txapinekin zain daukazu.

Bertso on!