Zabaltzen jarraitzeko urtea

2013/04/11
Martxoaren 9an egin genuen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Iazko memoria eta balantzea eta aurtengo egitasmoa eta aurrekontua aho batez onartu ziren. Hauxe da, laburtuta, 2013rako onartutako egitasmoa.

Genero taldea: Formazioa eta sentsibilizazioa indartzen

Urtez urte ibilbide sendoa osatzen ari da Bertsozale Elkarteko Genero Taldea. Bai Elkarte barruan eta baita bertsolaritza osotasunean hartuta ere, genero ikuskera eta parekidetasuna sustatzeko sortu zen, eta horretan jarraituko du aurten ere. Genero-egiturak gizon zein emakumeei eragiten digunez, formazioa eta ezagutza eskaintzen jarraituko du nork bere alorrean aldaketak ekar ditzan. Hala, bertsolaritzan alor ezberdinetatik eragiteko bost ekimen izango ditu ardatz aurten. Alde batetik, otsailean arrakasta handiz egindako Umorez jardunaldiak. Bestetik, sortzaileei oholtza gaineko formazioa eskainiko die Virginia Imazek. Bertso-udalekuetan ere eragingo du Genero taldeak, 15 eta 18 urte bitarteko txandan kontzientziazio tailerra eta kantu sorkuntza eskainiko baitira. Orain dela zenbait urte ondorio asko ekarri zituzten Askizun bertsolaritzari lotutako emakumeek egindako topaketek. Aurten bigarren edizioa egingo da. Eta, azkenik, diseinatzen ari garen Eskolarteko Bertsolari Txapelketa berrian zehar-lerro izango da parekidetasuna.

Transmisioa: herri ikuspegia landu nahian

Transmisioa hiruki bidez marrazten badugu ere (hezkuntza arautua, bertso-eskolak eta aisialdia) askoz ere zabalagoa da eta eragile gehiago hartzen ditu bere baitan: etxea, herri eragileak, euskaltegiak, udalak, hedabideak, plaza… Ikuspegi anitz hori landu nahi dugu 2013an. Horren erakusgarri dira aurten AEKrekin antolatu ditugun bi ekimenak: Bertso-Korrika eta Bertsolari Txapelketa Nagusiari lotutako saio didaktizatuak.

Transmisio proiektuaren hirukian erpinez erpin joanez gero, kopurutan hezkuntza arautukoak nabarmentzen dira. Gaur egun 20 352 ikasle ari dira bertsolaritza lantzen Euskal Herri osoko 382 ikastetxetan, 35 irakaslerekin. Aurrera begira ikastetxeetako proiektuari eustea izango da erronka. Ikastolen Elkartearekin egindako hitzarmenarekin segi nahiko genuke gainera.

Hezkuntza arautuko lanak bertso-eskoletakoa elikatzen du. Gaur egun 95 herritan daude bertso-eskolak, eta 1429 ikasle ari dira bertan bertsolaritza lantzen. Aurten helduen bertso-eskolentzat ikastaroak antolatu ditugu.

Aisialdia da transmisioaren hirugarren erpina. Aurten Markinan ospatuko ditugu Euskal Herriko bertso-eskolen topaketak, eta, urtero bezala, bertso-udalekuak ere antolatuko ditugu. Bertso-eskolen presentzia eta herrialdeen parte-hartze parekatua bultzatu nahiko genituzke. Eta udalekuen izaeraren transmisioa egiteko begiraleen txanda ere antolatuko dugu.

Sustapena: Txapelketa Nagusia eta Hedapen Sarea ardatz

Sustapenean Txapelketa Nagusira eta bertsolaritzaren hedapen sarea egoki antolatzera bideratuko ditugu indarrak. Txapelketa Nagusiari begira nolako txapelketa egin hausnartu dugu 2012an. Bertsogintzari dagokionez, txapelketari dagokion jantzia bertso jardueraren neurrikoa izango da, eta bertsolari, epaile eta gai-jartzaileen arteko kohesioa bilatuko dugu. Bertsolaritzari begira, txapelketa mugimenduaren beharren arabera erabiliko dugu, bertsolaritzaren berezko mapari egokituta. Eta inguruari begira, euskal kulturaren eredu positiboa eskaini nahiko genuke, gizartearen egungo errealitatean ondo kokatua.

Bertsolaritzaren hedapenari begira, sarean dauzkagun tresnak sendotu nahiko genituzke. Hala, Txapelketa urtea Bertsoa.com-en erreferentzialtasuna indartzeko erabiliko dugu. Txapelketaren inguruan sortutako irrati hitzarmenak ere egonkortzea da helburua. Horrez gain, urteroko ekimenak ere izango ditugu esku artean: Bertso Eguna, Bertsoaroa…

Lanku: Sendotze bidean

Aurreko urteetan izandako zailtasunen ondoren, positiboan itxi genuen 2012a eta gastu eta margenen kontrol zorrotza egingo dugu 2013an ere. Emanaldi kopurua igo egin da krisia nabaritu arren. Egoeraren aurrean denda digitala eta web orrialdea sendotuko ditugu, eta almazenetan dauzkagun izakinei irtenbidea eman nahian jarraituko dugu. Txapelketa Nagusiaren inguruan ere lanean ariko gara, eta Hitzetik Hortzeraren jarraipena egingo dugu aurten ere.

Ikerkuntza: Iker plana bertsolaritzaren ikergunearen ardatz

Urte berezia izango da 2013a Ikerkuntza Sailarentzat. Alde batetik, iaz 100 eragile baino gehiagorekin osatutako Iker Plana martxan jarriko dugu aurten. Horrek taldea berrantolatzea eskatuko du. Bestetik, Mintzola proiektua Ahozko Kultur Sorkuntzan zentratu dugu. Bi adar izango ditu Mintzolak: bertsolaritzaren ikertegia eta hortik elikatuko dugun Ahozko Genero Bizien Elkargunea. Bertsolaritzaren ikertegiak Iker Plana izango du ardatz eta lau ataletan bereiziko da: bertsolaritzaren ikerlariei eskainitako formazioa, ikerketa, ikerketen hedapen edo gizarteratzea eta komunikazioa. Gainera, Mintzolaren bidez Kulturarteko Sarea indartu nahiko genuke aurten, etorkizunean berriz ere Nazioarteko Inprobisazio Kantatuari lotutako topaketak antolatzeko. Elkargunea, berriz, ahozko genero biziek elkar aberastuko duten laborategi bat izango da.

Horrez gain, ohiko ekimenak ere izango ditugu esku artean: doinutegia, Haitzondo, grabazio sarea eta “Bapatean 2012” tartean.

Xenpelar Dokumentazio Zentroa: Digitalizazioan eta grabazio sarean sakontzera

Mintzola egitasmoak hartutako norabidean oinarri-oinarrizkoa izango da Xenpelar Dokumentazio Zentroa, berak landuko baitu dokumentazio alorra. Horrez gain, funtzionamendu digitala indartu nahiko genuke aurten, grabazioen digitalizazioa bultzatuz eta Bertsolaritzaren Datu Basea hobetuz. Horrez gain, grabazio sarean sendotuko dugu herrialdez herrialde.

Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean egin da aurtengo Batzar Nagusia