Xenpelar Dokumentazio Zentroari buruzko hitzaldia UPV/EHUko Dokumentazio Jardunaldietan

2013/04/18
UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Sailak antolatutako Dokumentazio Jardunaldietan hartuko du parte Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentroak. "Informazioaren komunikazioa eta datu eta bilduma digitalerako sarbidea" izenburupean antolatu den seigarren edizioa apirilaren 22 eta 23an izango da Leioan. Bertan, bertsolaritzaren sare dokumentalari buruz arituko da Nere Erkiaga, Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzailea.

1991an sortu zuen Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroa (XDZ), bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratuz, maila guztietako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. Bertsozale Elkartearen sailetako eta herrialdeetako egitasmoei esker eta elkartearen inguruko bertsozaleen bidez osatzen da urtez urte Xenpelar Dokumentazio Zentroak bildu eta eskaintzen duen ondarea.

Jardunaldiotan bertsolaritzaren ondarearen inguruko ezagutza eta BDB Bertsolaritzaren Datu-Basearen inguruko azalpenak eskaintzeaz gain, egungo digitalizazio eta internet bidezko gizarteratze lanetan dauden aukeren eta oztopoen inguruko hausnarketa aurkeztuko dugu.