Ekainaren 4an egingo ditugu Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak
Soinu artxiboei loturiko egitasmo eta esperientziak ezagutuko ditugu aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan. Iazko txandapasaren ondotik, ekainaren 4an gauzatuko ditugu jardunaldiak Amasa-Villabonako Subijana etxean.
Goizez izango dira, eta sarrera dohainik izango da. Hala ere, aretoan bertan nahiz online jarraitzeko izena eman behar da aurretik www.mintzola.eus atarian.
Batetik, Euskadi Irratiko fonotekari buruz ariko dira Iñigo Ceberio eta Irati Etxezabal; bestetik, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa aurkeztuko digute Euskaltzaindiko Adolfo Arejitak eta Amaia Jauregizarrek; Jon Eskisabalek Badok Euskal Musikaren Ataria aurkeztuko du ondoren; eta segidan sortzaileen eta ikertzaileen esperientzien berri izango dugu, Xabier Erkiziaren eta Marie Bidart-Hirigoyenen eskutik.
Xenpelar Dokumentazioak antolatu ditu jardunaldiok, Bertsozale Elkartea eta Mintzola Ahozko Lantegia tarteko, eta ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak eta Badok Euskal Musikaren Atariak lagundu dute jardunaldien berri zabaltzen.
Egitaraua eta informazio gehiago duzu www.mintzola.eus atarian.