Usurbilgo Argia eguneko bertso saioa eta Oñatiko San Migeletako ohiko saioa igandeko Hitzetik Hortzeran
Usurbilen, ARGIA EGUNAren inguruan izandako bertso saioa ekarriko du Hitzetik Hortzerak aste honetako programan.
Bertan, Rosi Lazkano, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Julio Soto, Sustrai Colina eta Amets Arzallus izan ziren kantuan, Aktualitateko gaiak zein zirikatzeko modukoak. Tabladu gainetik zein jendartean bertsotan.
Horren harira, ARGIA aldizkarian plazaratutako bertso jarriek josiko dute programaren batetik bestekoa. Eguneroko gaien inguruan iritzia bertsotan emateak dakarrena kontatuko digute bertsolariek zein aldizkariko arduradunek.
Bigarren saioa Oñatikoa izango da. Urteroko San Migeletako saioa, inguruko bertsozaleek kale egiten ez duten zita. Bertan, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Alaia Martin, Unai Agirre, Maider Arregi eta Urko Egaña aritu ziren kantuan. Azken biak, Oñatiarrak, aurpegi berriak eta bertso ale eder eta freskoak utzi zituztenak.
Aukeratutako onenak emango dira denboraldi honetako hirugarrena izango den programan.
HITZETIK HORTZERA, igande bazkalostetan ETB1n. Eta eitb nahieranen.
2014ko urriaren 09a