Urteko lehen BertsoZalea, kalean
BertsoZalearen 180. zenbakiak eman dio ongietorria urte berriari; eta urtea asmo berriekin hasi ohi dugunez, BertsoZaleak horiek dakartza bere baitan.
Arabako Bertsolari Txapelketak hartu du berripaperaren azala. Larunbatean aurkeztu zen txapelketa eta han iragarri moduan otsailaren 5ean abiatuko da Langraizen. Apirilaren 1ean izango da finala puntu gehien lortzen dituzten sei bertsolariekin.
Korrika Kulturala ere aurkeztu berri da, eta tartean da Bertso Korrika. Euskaltegien eta bertso eskolen sarearen artean osatutako bertso saioen zirkuituak eta Lanku Kultur Zerbitzuen eskutik iritsitako Erradikalak Gara emanaldiek osatuko dute bertsolaritzari loturiko eskaintza. Guztira, 25 bertso-saio baino gehiago izango dira eta emanaldiaren 6 saio. Hain zuzen, Beatriz Egizabal antzezle eta ipuin kontalariaren eta Ane Labaka bertsolariaren Erradikalak gara emanaldi hau saritu da I. Lanku Bekan, eta horren ingurukoak ere irakurgai dira ale honetan.
Xenpelar Dokumentazio Zentroak bertsolaritzaren liburutegia sareratu du: guztira, ia 6.600 lanei buruzko datuak eskaintzen dira. Datu-base honen inguruko informazioa bildu du BertsoZalearen 180.zenbakiak.