Urtarrileko BertsoZalea, kalean

2018/01/23
Bertso Egunak hartu du alearen azala. Gainera, Arabako Kuadrilla Artekoa, Ahots Baten, Renoko jardunaldiak... urte berria ere gogotsu hasi dugu.

Larunbat honetan Bertso Eguna izanik, egitasmoak hartu du BertsoZalea berripaperaren azala. Izaera ibiltaria izango du aurrerantzean egitasmoak eta ohiko topalekua atzean utzita, Mungian gauzatuko da aurtengoan Bertso Eguna. Egunaren nondik norakoak zehaztuta dakartza 190.zenbakiak.

Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa ere abiatu berria da. Urtarrilaren 13an aurkeztu genuen Arabako Bertsozale Elkartearen Batzarraren ondotik, eta egutegi osoa ikusgai duzue: datozen asteburuetan ez da ez bertso astebururik faltako Araban! Urrunago joanda, Renoko Euskal Ikasketen Zentroak antolatutako jardunaldietan laguntzaile aritu da Mintzola Ahozko Lantegia eta han izango dira parte hartzen Jone Miren Hernandez ikertzailea, Maialen Lujanbio bertsolaria eta Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsolari eta ikertzaileak. Xehetasun horiek ere topatuko dituzue ale honetan, Ahots Baten sormen egonaldian jazotakoekin eta Hitzetik Hortzeraren denboraldiaren ingurukoekin batera.

Bertsoak, Puntua jarrita, Koplak eta Poto-Finixa ere ez dira faltako BertsoZalearen 190. zenbakian. 

190.zenbakia du BertsoZaleak.