Urriaren 6an hasiko da Hitzetik Hortzera

2019/09/26
Informazio pilulak izango ditu, eta umoreak ere bere lekua izango du saioro. Eider Perezek josiko ditu atal batetik besterako hari-muturrak, eta ordutegi bera izango du programak: igandeetan, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Bertsolaritzaren erakusleiho nagusienetakoa itzuliko da urriko lehen igandean; Hitzetik Hortzerak 30. denboraldia beteko du aurten. Hitzordu berari eutsiko dio telebista programak: igandeetan eskainiko da, 15:00etan, ETB1en.

Eider Perez izango da gidari aurtengoan ere. Iaz, denboraldia amaitzerako, saioro egindako collagearekin irudi ederra osatua zuen; oraingo honetan, maletarekin ikusiko dugu hara eta hona. Han jasoko ditu denboraldiko oroitzapenak, argazkiak edota objektuak.

HH_2019-2020_denboraldia iragartzeko

Bestalde, atal berriak ere izango ditu: informazio pilulak eskainiko dira, pil-pilean dauden albisteak ezagutarazteko; umoreak tartea izango du saio bakoitzaren amaieran; eta, ikus-entzuleek ekoizpenean parte hartzeko aukera izango dute, bertsoaldiak bidalita. Era berean, pertsona famatuen gustuko bertsoaldiak ezagutzeko aukera izango dugu. Bertsoan ez ezik, beste sorkuntza moldeetan ere jarriko du arreta programak, eta emakume bertsolarien historiaren inguruan ere arituko gara zazpi ataletan. Bertsolari zenbaiten saio monografikoak ere izango dira.

Bertsozale Elkarteak egiten du programa ETBrekin elkarlanean; iaz bezala, denboraldi honetan ere Txakur Gorria taldea ariko da gidoiak egiten.

Urriaren 6an bertsolaritzaren maleta gorria betetzen hastera goaz! Igandeetan, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en.