Urriaren 2an, zirtoak eta bertsoak entzuteko hitzordua

2020/09/25
Pello Mari Otaño Bekarekin saritutako proiektua ezagutuko dugu Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunearen eskutik, eta, segidan, bertso saioa izango da. Zizurkilgo Herrigunean izango dira biak.

Pello Mari Otaño beka deialdian saridun izan zen Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko hainbat kidek aurkeztutako proiektua: Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak ekimenak antolatu zuten beka deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen laguntzarekin.

Urriaren 2an, proposamena aurkeztuko dute Harituzekoek, beka deitutako antolatzaileak ere bertan direla. 18:00etan izango da hori, Zizurkilgo Herrigunean dagoen Iriarte kultur etxean.

Segidan, Kilometroek antolatuta, bertso saioa izango da Zizurkilgo Intxaur frontoian: Amets ArzallusAnjel Mari PeñagarikanoHaritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan, eta Amaia Agirre izango da saioaren gidaria eta gai jartzailea. 19:00etan hasiko da.

Saiorako sarrerak eskuragai daude www.kilometroak.eus webgunean.

Ikasgelan eta bertso-eskoletan aplikatuko da lanaren parte den proposamen didaktikoa. / XDZ - Jakub Szafranski