Urrian izango da aurten Ahots Baten sormen egonaldia

2022/10/03
Amaiurko aterpean egingo da egonaldia, urriaren 29tik azaroaren 1era arte. Antzerkiaz, bertsoaz, kantagintzaz eta literaturaz lagunartean gozatu nahi duten 15 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa da. Euskaltzaindiak antolatu du ekimena Mintzola egitasmoaren bidez, Bertsozale Elkartearen lankidetzarekin.

Euskal Herriko gazte sortzaileen harreman sareak egiteko eta esperimentaziorako gunea eskaintzen du Ahots Baten sormen egonaldiak. Urriaren 29tik azaroaren 1era izango da aurtengoa, Amaiurko aterpean, 15 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Ohi bezala, antzerkia, bertsoa, kantagintza eta literatura izango ditu protagonista.

Lantzen diren adierazpideetako sortzaileek ere hartuko dute parte egonaldian, gazte taldearekin harremana egin eta emankizuna eskaintzera: Ainhoa Artetxe aktorea, Iñigo Astiz poeta eta Paxkal Irigoien eta Maia Iribarne-Olhagarai abeslariak. Gainera, urriaren 29an, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioa ikustera joango da gazte taldea Donibane Garazira, eta Amaia Castorene gai-emailea izango dute lagun.

Izen-ematea irekita dago, urriaren 20ra arte. Euskaltzaindiaren webgunean eman behar da izena, horretarako prestatutako izen-emate orria betez. Egonaldiaren prezioa 100 eurokoa da.

Huts egin nahi ez duena azkar ibili dadila! Izen-emate hurrenkeraren arabera beteko dira egonaldiko lekuak.

Euskaltzaindiaren eskutik, Bertsozale Elkartearen lankidetzarekin

Ekimen honek bere zazpigarren edizioa du aurtengoa 2015ean hasi zenetik. Mintzola Ahozko Lantegiak gauzatu izan du hastapenetik; eta orain, Euskaltzaindiaren aterkiaren pean jarraituko du Mintzolak eta baita Ahots Baten egitasmoak ere. Egonaldian gazteek bertsolaritzaz ahalik eta modu erakargarrienean goza dezaten bermatzeko lankidetzan ariko da Bertsozale Elkartea.