Ur kirolak eta kantua Zuhatzako udalekuan
Giro ederrean dabiltza Zuhatza irlako bertso-udalekuan. Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 46 haur elkartu dira eta begirale taldean 6 pirata dituzte saltsa jartzen.
Egunak topera eman dituzte: arrauna, windsurfa, piragua edo belaontzian ez daudenean, bainujantzi lehorra jantzi eta jolasak edo gaubelak dituzte zain. Eta irlan bisitarik ere ez zaie falta izan: asteartean hezkidetzan aditua den Josu Isaias begiralea etorri zitzaien, neska-mutilen rolei buruzko dinamikak egitera. Gaubelan sua egin eta gitarraz aritu ziren kantuan. Asteazkenean, Oskar Estanga musikariarekin txandako kantua sortu eta grabatu zuten, eta gauez rock and rollik ez zen falta izan. Ostegunean Julio Soto eta Maddalen Arzallus bertsolariak datozkie, haurrekin berriketan aritu, jolastu, eta afalostean bertsotan egitera.
Ostiralean bukatuko da abentura, etxera maleta bete arropa zikin eta oroitzapen ekarriz.