UNIbertsoan, abenduaren 1ean
Ikerkuntza eta bertsolaritza uztartzen dituen egitasmoa da UNIbertsoan. UPV/EHUko Gipuzkoako Errektoreordetzarekin elkarlanean gauzatu du Mintzola Ahozko Lantegiak, eta hirugarren saioa izango du abenduaren 1ekoa.
Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen Ignacio Maria Barriola Zentroan izango da, 12:00etatik aurrera. Lehendabizi Beñat Krolemek hitzaldia emango du bertsolaritza eta irudiaren arteko harremanari buruz; hain zuzen, Krolemek Mintzolaren eta Mikel Laboa Katedraren ikerketa proiektu saria jaso zuen iaz. Gero, emanaldia izango da Lankuren eskutik: Bertso marraztuak. Amets Arzallus eta Alaia Martin ariko dira bertsotan eta Unai Gaztelumendi marrazten.
Iazko abenduan egin zen UNIbertsoan egitasmoaren lehen saioa: Mintzolaren inguruko hitzaldia eskaini zuen Karlos Aizpuruak eta Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan. Bigarrena Europa bat-bateaneko saio batekin uztartu zen eta katalanak, sardiniarrak eta kurdua aritu ziren bertsolariekin batera.
Emanaldia publiko guztiari irekia da eta doakoa.