Unibertsitateko bertso giroa, Hitzetik Hortzeran

2019/11/28
Bertsolaritza unibertsitatean ere bizi da. Horregatik, Gasteizko ikasle giroan murgilduko gara datorren programan, Bittor Altube, Haizea Arana eta Maddi Aiestaran bertsolari gazteen eskutik; Ahostegunak ekimena ere ezagutuko dugu. Igandean, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Nekez ahazten dira ikasle garaiak: pisukide xelebreak, lagun min bilakatuko diren ezezagunak, ikasgelaz kanpoko irakaspen ederrak… Eta ikasle askorentzako bertsolaritza bada elkargunea egunerokotasun berri horretan. Hor jarriko dugu arreta igandeko Hitzetik Hortzeran.

Unibertsitatean hasiberriak diren hiru bertsolari gazterekin egongo da Eider: Bittor Altube, Haizea Arana eta Maddi Aiestaran. Hiruek Gasteiz aukeratu dute beraien unibertsitate egonaldia egiteko, eta bertso giroari lotuta bizitakoak kontatuko dizkigute. Non egingo dute bertsotan Bittorrek, Haizeak eta Maddik? Galdera hauek eta askoz gehiago erantzungo dizkigute igandeko programan. 

Ahostegunak, ahozko kultur sorkuntza

Ostegunak Ahostegun bilakatu dira unibertsitate inguruko gazteentzat. Ekimen berri honi buruz ere jardungo dugu igandeko programan. Ahozko kultur sorkuntzaren bitartez ondo pasatzeko saioak antolatu dituzte azaroan zehar Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, EHUKulturaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin: antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura landu dituzte, eta saio interesgarriak bezain emankorrak izan dira.

Ahostegunak ekimenaren baitan Donostian egindako bertso saioko aleak ikusteko aukera izango dugu; baita Oiartzunen izan den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoko bertsoaldiak ere. Eta, azkenik, Iruñeko Bertsoaroari amaiera eman dion bertsolari gazteen saioko hautaketa entzungo dugu. Bertso sorta musikatuari ere egingo diogu tarte; oraingoan, Jon Martinek idatzitako Bakardadeak berreskuratuko dugu.

Hitzetik Hortzera, igandean 15:00etan ETB1en; eta sarean, EITB Nahieran atarian.

Eider Maddi Aiestaran, Bittor Altube eta Haizea Arana bertsolari gazteekin.