Uitzin, eltzean babak bezala, bor-borka

2024/08/02
Lau txandaren ondoren, egonaldi honekin amaitu dira aurtengo Bertso Udalekuak; azken honetan, 14-15 urteko gazteak Uitziko aterpean elkartu dira astebetez.

Uztailaren 25etik 31ra Uitziko aterpean elkartu dira 14-15 urteko 45 gazte eta 10 begirale-sukaldari, eltzean babak bezala, elkarren arrimuan sormenez irakiteko prest. Bero olatuari mangeraz eta ur jolasez egin diote aurre eta 7 egunetan desertua zeharkatu dute, oasiak sortuz: altxorraren bila, ginkana absurdoa, olinpiadak 2024, erlauntza (edo among us), kluedoa, Beldur Gaua (Ali Baba desagertu zenekoa)… Lekunberrira egindako txangoan Aitor Irastortza izan zuten gidari; gaztetxea bisitatu eta errekan paradisuko bainua hartu zuten, ur jauzi aurrean xanpu iragarkian bezala sentituz. “Baba truk” jolasean herritarrekin trukean aritu ziren, lortutako jakiekin askari ederra osatuz. Aktibitatez jositako egonaldian, Maddi Agirrek eskainitako literatura tailerrak leiho bat zabaldu zion lasaitasunari; Libe Arregik umore monologo bihurtu zituen udalekuetako ohiko egoerak. Bero saparen erdian, Julio Sotorekin eta Maddi Sarasuarekin bertso afaria egin zuten, kaleko freskuran, herritarrak ere entzule zirela. Saioaz eta gaugiroaz pozik, bertsolariek ez zuten ohera joan nahi izan piropoposta irakurtzen amaitu arte. Azken gaubelan, mikro irekian lagun bakoitzak bere onena eskaini zion taldeari.

Eltzetik babak atera dituen hezitzaile taldean izan dira Garazi Navarro, Aroa Arrizubieta, Martin Abarrategi, Aitor Tatiegi, Eki Mateorena, Haizea Telleria, Ane Arexolaleiba, Garazi Goldarazena, Maddi Zabalo eta Elixabet Etxandi.

Uitzin pasatakoa 40 gradupeko delirio-lilura soila izan zela pentsa ez dezagun, ikusi hemen txandako bideoa!

1998. urtetik Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak. Edizio hau Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestu dute, Irizarren eta Kaikuren laguntzarekin.