Udazkenari begira jarri da BertsoZalea
Udaren ondoren, kalean da BertsoZalearen 166.alea. Ikasturte berriari begira jarri da berripapera eta hala udazken osoa hartuko duen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan jarri du arreta. Iragan larunbatean egin zen txapelketaren aurkezpena Beasaingo Igartza jauregian eta han esandakoak bildu eta bestelako xehetasunak ere badakartza BertsoZaleak. Gehiagoren beharra duten bertsozaleek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren atarian aurkituko dute informazio gehiago.
Hitzetik Hortzerak ere denboraldi berriari ekingo dio hilaren 27an. Igandero, 15:00etan izango du hitzordua telebista-saioak ETB 1en, eta parada bikaina eskainiko du bertsolaritzaren ingurukoak beste begirada batekin jarraitzeko.
Lankuren Adin Adin proiektuaz ere mintzo da hilabete honetako alea. Egitasmo honek “bertsoa ardatz hartuta, adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta gaitasun psikoemozionalak lantzea” du helburu. Iaz adinekoen zenbait egoitzatan egin zen saioa eta udazkenean egoitza gehiagotara zabalduko da proiektua.
Udan Elkartea ere ez da geldirik egon, eta hilabete horietan burututako Bertso-udalekuak eta Mintzolaren bidez burututako Bertsoa Unibertsitatean eta Ahoa Bete Hots jardunaldiak ere gogoan izan ditu berripaperak. Eta noski, ohiko poto-finixa eta puntua ere badakartza BertsoZalearen 166.aleak.