Udazkena loratu da BertsoZalean

2016/10/13
Ikasturte-denboraldi berriaren hasierarekin, hamaika egitasmo jarri dira abian. Horietako batzuk dakartza urriko berripaperak.

Udazken emankorra izango dugu egitasmoei dagokienez; urriko BertsoZalea ikusi besterik ez dago hortaz jabetzeko.

Xilaba Bertsulari Xapelketak duela zenbait aste hasitako bideari jarraituz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketak ere bere bidea berrartuko du. Udabarriko faseak udagoienekoari egingo dio leku eta urriaren 15ean, larunbat honetan bertan, hasiko da. Abenduaren 17an izango da finala Bilbon, eta egutegi osoa eta bestelako xehetasunak berripaperaren azalean daude. 

17an baina irailean aurkeztu zuen Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak Bertsotruken bigarren edizioa: funtzionamendu berbera izango dute aurtengo desafioek eta 27 taldek hartuko dute parte ekainera bitarte izango diren saioetan.

27 denboraldi beteta, hurrengoa hasi berri du Hitzetik Hortzerak. Telebista programak formatu berritua du eta astero-astero gonbidatu bat izango du: bere berri emateaz gain, bertsolaritzarekiko duen loturaz eta bertsolaritzaz ariko da bere ikuspuntutik.

Bestalde, Mintzola Ahozko Lantegiak Ahots Baten sormen egonaldirako izen-ematea zabaldu berri du. Iazko harrera ikusita esperientzia errepikatuko da: bertsotan, antzerkian, kantagintzan eta literaturan dabiltzan 15-20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute abenduko egonaldian eta urriaren 30era arte eman ahal izango da izena.

Aste horretan bertan, urriaren 27an, Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak izango dira Villabonako Subijana etxean. Aurten kantagintzaren inguruko dokumentazioa izango da aztergai.

Eta koplak, poto-finixa, Patxi Iraolaren puntua eta Oihana Iguaranen bertsoa, den-dena, urriko BertsoZalean.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketak hartu du BertsoZalearen azala.