Udako ikastarorako eskaintza baliatzeko azken egunak

2019/05/15
Bertsozale Elkarteko bazkideok prezio erdian eman ahal izango duzue izena Mintzola Ahozko Lantegiak udan antolatu duen eskolan, UPV/EHU Udako Ikastaroen baitan; horretarako, maiatzeko azken astea amaitu baino lehen bideratu beharko duzue eskaera. Adi! eskaintza baliatzeko kopuru mugatua baitago.

Abuztuaren 22an eta 23an izango da Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izeneko eskola UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Mintzola Ahozko Lantegiak antolatuta.

Euskal kulturaren kontsumotik eta haren transmisiotik abiatuko da lehen eguneko saioa eta bertsozaletasuna ere izango da hizpide; eta, bide hori eginda, bigarren egunean, bertsolaritzari inguruan egokitu zaizkion eraginak eta horietara nola moldatu den aztertuko dugu, izan rockari, 90eko bertsolari gazteei, emakumeen presentziari edota hiztun berriei dagokionez.

Josu Amezaga, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri izango dira hizlari lehen egunean; eta Alberto Irazu, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe bigarrenean. Gainera, hitzaldi sorta biribiltzeko, bigarren jardunaldiko arratsaldean komentatutako bertso saio feminista eskainiko dute Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariek, Maite Berriozabal gidari dutela.

Ikastaroan izena eman daiteke jada www.uik.eus atarian. Bertsozale Elkarteko bazkideok eskaintza berezia baliatu ahal izango duzue: matrikula prezio erdian egiteko aukera izango baituzue. Horretarako, maiatzaren 27a baino lehen, helbidera idatzita egin beharko da eskaera eta, gero, matrikula berezi hau lortzeko prozedura azalduko zaie interesdunei, maiatzaren 31 baino lehen egin beharko dena.

Dena den, aukera honetaz baliatzeko izen-emate kopuru mugatua dago, eta eskatu ahala banatuko dira agortu arte. Mugi, beraz!

Informazio gehiago: www.uik.eus eta www.mintzola.eus atarietan.

Aurtengo hizlarietako batzuk, Subijana etxearen atarian. / XDZ