Txapelketen errepaso historikoa Hitzetik Hortzera bukatzeko

2017/04/20
Igande honetan denboraldiko azken Hitzetik Hortzera saioa izango da ikusgai ETB1en. Aurten mende erdi beteko da 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusitik eta txapelketa hartatik 2013kora arteko errepasoa eginez, udazkenean iritsiko den Bertsolari Txapelketa Nagusira begira jarriko da telebista programa.

Igande honetan bukatuko da Hitzetik Hortzeraren denboraldia eta, denboraldia biribiltzeko, saio berezi-berezia prestatu da: Bertsolari Txapelketa Nagusien errepaso historikoa egingo da datorren programan.

Aurten mende erdi beteko da 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusitik. Txapela Uztapidek jantzi bazuen ere, Xalbadorren jasotako txistualdiak egin zuen ezagun txapelketa hura. Eta handik abiatuko dugu txapelketaz txapelketa egingo dugun ibilbidea.

1980an eta 1982an Xabier Amurizak jantzi zituen txapelak. Bertsogintza ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, bai doinuetan eta baita gaitegian ere. Eta, batez ere bakarkakoetan, bertsozale askoren gogoetan iltzatu ziren bertsoaldiak utzi zituzten txapelketa haiek.

Belodromorako jauzia

1986an Baldatik Belodromorako jauzia egin zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Urte hartan Sebastian Lizaso geratu zen txapeldun. 1989an, berriz ere Belodromoan jokatu zen finala, eta Jon Lopategik eskuratu zuen txapela. Bertsozale Elkarteak antolatutako lehenengo txapelketak izan ziren haiek, eta bertsolaritza goraldian sartua zegoen.

1993, 1997, 2001 eta 2005eko txapelak buru beraren gainean geratu ziren: Andoni Egañak lau txapel jantzi zituen. Lehenengo hirurak Donostiako Belodromoan izan ziren, eta Barakaldoko BECen jantzi zuen laugarrena.

Azken bi txapelketetako finalak ere Barakaldoko BEC aretoan egin dira. 2009an Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela eta Amets Arzallusek 2013an. Hortxe bukatuko da errepasoa, eta 2017ko udazkenean iritsiko den Txapelketari begira jarriko da telebista programa. Txapelketarekin batera itzuliko da Hitzetik Hortzera, formatua berrituta.

Iritziz hornitutako programa

Eta ibilbide honetan luxuzko gonbidatuak izango ditugu: Mixel Itzaina, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga ariko zaizkigu txapelketek utzitakoa aletzen eta aztertzen.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

67ko txapelketatik 2013kora arteko errepasoa, Hitzetik Hortzeran.