Txapelketaz txapelketa, igandean

2020/04/30
1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusitik hasi eta 2013kora arte egingo dugu ordubetean. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

Txapela Uztapidek jantzi bazuen ere, Xalbadorren jasotako txistualdiak egin zuen ezagun 1967ko txapelketa hura; handik abiatuko dugu txapelketaz txapelketa egingo dugun ibilbidea igandean.

Donostiako Balda, Belodromoa eta Barakaldoko BEC zapaldu ditu txapelketak, eta Xabier Amurizak, Sebastian Lizasok, Jon Lopategik, Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek jantzi dute txapela.

Gure ibilbide honetan, Mixel Itzaina, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga ariko zaizkigu txapelketek utzitakoa aletzen eta aztertzen.

2017ko Bertsolari Txapelketarako hilabete batzuk falta zirela osatu genuen Hitzetik Hortzerako programa hau; eta igandean berreskuratuko dugu, 15:00etan, ETB1en. 

Andoni Egaña, parte hartu zuen azken Txapelketa Nagusian.