Transmisio esperientziak elkarbanatzeko gunea izan da gaur Miramar
Kantu inprobisatuak bizirauteko beharrezkoa duen belaunaldi arteko transmisioari heldu diote gaurko hizlariek. Laxaro Azkunek gidatu du gaurko saioa eta Patricia Tápanes eta Lourdes Yunet López kubatarrak izan dira hitza hartzen lehenak. Patricia Tápanesek azaldu duen moduan, etxeko transmisioa ohikoa izaten da eta horri gehitu behar zaizkio komunitateetan antolatutako repentismo tailerrak. Horren adibide garbi, Lourdes Yunet López. Bere birraitona jada irlan ezagun den repentista zen eta Yunetek hasieran interesik agertu ez bazuen ere, berezko sena ateratzeko garrantzizko izan ziren tailerrak: "gazte ugari joaten zen tailerretara larunbat goizetan eta ni aspertuta geratzen nintzen; hala, nik ere joatea erabaki nuen". Horrek etxeko tradizio horretan barneratu zuen.
Las Alondras hiruko mexikarraren kasuan, etxean ez eta, inguruan egiten ziren eskolen bitartez bereganatu zuten kantu inprobisatuaren tradizioa: "gure irakaslea ezagutu genuenean hark jakin zuen tradizio honekiko maitasuna transmititzen" azaldu du Dana Sofia Limónek. Berarekin eskaini dute hitzaldia Diana Laura Hernándezek eta Rebeca Limónek eta Huasteca Potosinan ohiko diren huapango, son huasteco eta son de costumbre aldaeren erakustaldia egin dute.
Etxera bidea eginez, Harkaitz Zubirik bertsolaritzaren transmisioaren ingurukoak ekarri ditu Miramarrera. Zergatik ez da bertsolaritza hutsaren hurrengoa? galderatik abiatu da eta eremu artistikoa eta soziala jarri ditu parez pare; "bertsolaritza gai izan da bere egoera soziala aldatzeko eta horren bitartez bere egoera artistikoa indartzeko" eta horrek transmisioan ere eragin du. Bertso-eskola transmisiorako gune bakarrik ez, sozializaziorako gune ere badela azaldu du eta horretan bat etorri dira gero etorri diren Arantzazu Loidi eta Jon Sarasua: "lagunarteak erakarri ninduen" azaldu du Loidik, Patxi Goikoleak, Xanti Iparragirrek eta Juanito Akizuk abiatutako Almen lehen bertso-eskola hari erreferentzia eginez. Loidik eta Sarasuak ikasle gisa bizitakoak kontatu dituzte.
Azkenik, Roser Texido katalanak Glosadors dokumentala ekarri digu, glosaren transmisioa nola egiten den islatzen duen ikus-entzunezkoa.
Bihar genero ikuspegia izango da hizpide Miramarren, Europa bat-bateanen baitan egiten den hirugarren egunean.
Emanaldia gaur, DSS2016EUren egoitzan
Gales, Kuba eta Zipre aritu ziren atzo kantuan, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariekin batera. Eguraldiak hala behartuta, saioa portuan hasi bazen ere aquariumeko aretoan izan zen emanaldia. Aretoa bete egin zen eta ezezagun zaizkigun adierazpideekin lehen harremana egiteko aukera eman zuen, aste guztian ikusiko dugunaren atariko.
Gaur ere izango da saioa, Kontrakorriente, eta beste kantu inprobisatu batzuk ezagutuko ditugu: Austria, Mallorca eta Mexiko, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin batera. DSS2016EUren egoitzan izango da emanaldia 19:00etatik aurrera eta doako sarrera du.