Tolosako jaialdiko bertsoaldiak, aste honetan sarean
Azken urteetako ohiturari jarraituta, bertso hitzordu seinalatua bihurtu dena antolatu du Tolosaldeko Ataria komunikabideak.aurten ere. Pasa den urtarrilaren 18an egin zen Tolosako Leidor aretoan, eta han aritu ziren, Amaia Agirrek gidatuta, Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran. Sarrerarik gabe geratu bazinen, lasai, aste honetan bertsoa.eus atariak bertsoaldi nabarmenenak eskainiko baititu sarean.
Hurrengo egunean, berriz, San Anton jaien aitzakian, bertso saioa izan zuten getariarrek Balentziaga museoan. Uxune Areizagak gaiak jarrita, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Libe Goenaga, Nerea Ibarzabal eta Odei Barroso aritu ziren kantuan. Orduko aleak ere eskainiko dira bertsoa.eus atarian.
Eta bertsolaritza egunean-egunean jarraitzeko hamaika kontu ere bai aste honetan, albiste zein ikus-entzunezko formatuan.